Skip to main content
bannerra

Gurean Gaur

ETA desagertuta, presoen auzia konpontzeko "premiazko agenda" zehaztu du Foro Sozialak

2018-05-29

ETA desagertu ondoren, presoen auzia konponbidean jarri behar dela uste dute Foro Sozial Iraunkorrak, Sarek eta Etxeratek, eta hala adierazi dute elkarrekin egindako agerraldi batean. Lehentasunak eta horietara iristeko bidea zehaztu dute.

Armagabetzearen kasuan bezala, triangulazioan oinarritutako konponbide eskema proposatzen dute. Foro Sozialeko Teresa Todak eta Nazario Oleagak esan dutenez, jakin badakite prozesuak luze joko duela, eta badakite espetxe politika berria ezartzeak biktimekin egin beharreko kontraste ariketa ere ekarriko dutela. Hargatik, errealistak direla nabarmendu dute, baina presoen senideek duten presaz ahaztu gabe. 

900 ikasle batu dira Arriaga antzokian "Mundu bat bertso" umeentzako bertsolaritza programaren azken topaketetan

2018-05-29

Bilboko ikastetxe desberdinetako 900 ikasle batu dira Arriaga Antzokian, Bilboko udalaren Euskara eta Hezkuntza Sailak eta Bizkaiko Bertsozale elkarteak elkarrekin antolatutako  “Mundu bat Bertso” umeentzako bertsolaritza programaren azken topaketetan.

Urte birik behin antolatzen dira “Mundu bat bertso” topaketak,  jai giroan eta bertsoekin ondo pasatuz  ikasturtean zehar ikasitakoa erakusteko aukera daukate Lehen Hezkuntzako 5garren  eta 6garren  mailako ikasleek Arriagako oholtsa gainean.

Bilboko udalak 30 urte daramatza programa hau Bilboko ikastetxeetan aurrera eramaten, bertsolaritza indartzea eta euskal kultura eta euskararen ezagutza sakonago aztertzea du helburu. Gaur egun 32 ikastetxe parte hartzen ari dira.

EAJk euskal agenda nahi du eta EH Bildurentzat mozioa ez da alternatiba

2018-05-28

Joan den ostiralean aurkeztu zuen mozioa Pedro Sanchezek, eta tramitera onartu du Espainiako Kongresuko mahaiak. Gurtel auziko epaia dela eta, Rajoy gobernutik kentzea ezinbestekoa dela defendatu du Sanchezek.

Zentsura mozioa aurkeztearen alde agertu dira Podemos, PDEcat, ERC eta Compromis. Ciudadanosek, ordea, ohartarazi du lehenbailehen nahi dituela bozak. Jose Manuel Villegas C's-ko idazkari nagusiak argitu du ez dutela nahi Sanchez aldi baterako presidente izaterik, eta prest daudela euren alderdiko presidente Albert Rivera ez den "hautagai instrumental bat" izateko buru, kargua hartu eta hark deitzeko hauteskundeetara.

Gauza horrela, EAJ izan daiteke mozioak aurrera egiteko giltza. Alderdi jeltzaleak adierazi du aztertu egingo duela PSOEren ekinaldiak zein proposamen dituen autogobernuari eta "euskal agendari" dagokienez. Beraz, joan den astean PPrekin estatuko aurrekontuez akordioa lortu duen arren, prest dago PSOErekin hitz egiteko.

EH Bilduk, berriz, ez du "alternatiba demokratizatzailerik" ikusten Madrilen. Are gehiago, Arnaldo Otegiren hitzetan, hemendik aste amaierara gauzak asko alda daitezke, eta aldaketa horien araberako erabaki koherentea hartuko du EH Bilduk. Hori bai, herri gisa erantzuteko beharra nabarmendu du.

EGUNEKOA: maiatzaren 28ko albiste nagusiak

2018-05-28

Ostegun eta ostiralean egingo dute PSOEk Mariano Rajoyren aurka aurkeztutako zentsura mozioaren eztabaida, Espainiako Kongresuan. Horri eta Altsasuko gazte auzipetuen gurasoek Estrasburgora egindako bidaiari erreparatu diegu arlo politikoan. Horrez gain, asteburuan pentsiodunek egindako mobilizazioak eta euskalgintzako zitak ere jaso ditugu.

Arantzazu eta Bakio gehituta, 87 udalerrik osatzen dute UEMA

2018-05-28

Larunbatetik, beste bi udalerri ditu UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Elkarteak batzar nagusia egin du asteburuan Diman, eta bertan onartu dute Bakio eta Arantzazuko udalek mankomunitatera sartzeko egindako eskaria. Aurrerantzean, 87 izango dira mankomunitatea osatzen duten udalerriak, eta 250.000 lagun inguru bilduko ditu.

UEMA «inoiz baino sendoago» dago, Josu Labaka mankomunitateko lehendakariaren arabera. Edonola ere, udalerri euskaldunen garapenean sakontzen segitu nahi dute. Udalerri horien garapenari buruzko hausnarketa jardunaldiak iragarri ditu UEMAko lehendakariak datozen hilabeteetarako

Hautetsiek ere giza katean parte hartzera dei egin dute

2018-05-28

Bizikidetzaren alorrean kokatu dute Hego Euskal Herriko 200 alkate eta udal hautetsik erabakitze eskubidea, eta honen aldeko manifestua irakurri dute Gernikan.

 
bannerra

bannerra