Skip to main content

Gurean Gaur

Errefuxiatuekiko elkartasuna, Mugak Zabalduz karabanaren eta Biziren eskutik

2018-07-16

Joan den ostiralean irtenda, hamar egunez Siziliako lurretan ibiltzeko asmoa du Mugak Zabalduz karabanak, eta bertan parte hartzen ari Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideak. Aldarrikapen ekintza horren helburu nagusia da Europak errefuxiatuen auziari erantzuteko ezarri dituen politikak salatzea. Larunbatean Italian egindako lehen etapan, Frantziarekiko mugan, Europako muga hilgarrienetako bat seinalatu nahi izan dute.

Salerosketa, genero indarkeria eta migranteen esplotazioa ere salatu dituzte. Iazko uztailetik, gutxienez 16.500 migrantek zeharkatu dute Italiako muga, eta adingabeak izan dira horien laurden bat. Mugak Zabalduz karabanakoek salatu dutenez, 12 urte baino gazteagoko haurrek gehiegikeriak eta atxiloketak jasaten dituzte eta Frantziako Poliziak legez kanpo Italiara itzularazten ditu.

Hirugarren aldia da Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideek karabana antolatzen dutena. 2016an, Greziara joan ziren, eta iazko udan, berriz, Melillara. Ostiralean Bilbotik irten eta Gasteizen jende gehiago batzeko geldialdia egin ondoren, autobusak Saltera, Gironara, abiatu ziren. Han, penintsulako ehun kolektibotik gora elkartzekoak ziren bidaiari ekiteko. Uztailaren 22ra bitarte, hainbat gune bisitatu eta makina bat protesta egingo dituzte.

Dylan Groenewen-ek Sagan eta Gaviriaren nagusitasuna hautsi du

2018-07-13

Haizeak uste baino arazo gutxiago sortu ditu eta etapak luze jo du. Sprint-ean, Dylan Groenewen herbeheeretarrak garaipena lortu du. Lotto-ko txirrindulariak orain arte Saganek eta Gaviriak erakutsitako nagusitasuna apurtu du. Honatx, Tropela elkarteko kide Egoitz Lizasoren analisia.

35 eta 57 urte bitarteko 32 emakumeren erronka: Arraunean, Oriotik Bilbora eta buelta

2018-07-13

"Zergatik ez?" lemapean, 35 eta 57 urte bitarteko hainbat emakumezkoek erronka handia burutzen ari dira egunotan. Orio eta Bilbo arteko distantzia arraunean bete nahi dute, orotara 198 kilometro eginez. Ibilbidea lau etapa ezberdinetan banatu dute eta gaurkoan Bilboko udalaren harrera jaso dute.

Florence and the Machine-ren ikuskizunak Kobetamendi piztu zuen

2018-07-13

Abian da Bilbao BBK Live jaialdia. Lehen egunean, Florence and the Machine kartel buruak dirdira eragin zuen Kobetamendin bildutakoen artean. Hamaika Telebista bertan egon zen eta Rural Zombieseko Julia Urreaga, Morgan-eko Ekain Elorza eta Lukiek-eko Josu Ximun Villelabeitiarekin egoteko aukera izan genuen.

Txell Bonet: “Legitimoak diren eskubideak aldarrikatzeko beldurrik ezin dugu izan”

2018-07-13

Alemaniako justiziak Carles Puigdemont Generalitateko presidente kargugabetuari matxinada delitua egoztea baztertu ondoren, gainerako auzipetuen abokatuek prentsa agerraldia egin dute datorren astean askatasun eskaerak egingo dituztela jakinarazteko. Etor daitekeenaz ez pentsatzea nahiago du Txell Bonetek, Omnium Culturaleko presidente Jordi Cuixarten bikotekideak.

Saioa Baleztenak hitz egin du harekin, eta Bonetek gogora ekarri du eskubide urraketak jasan dituzten katalan anonimo asko eta asko ere badaudela, eta ezin dutela aldarrikapen legitimoak egiteko beldurrez egon

DYA Gipuzkoak 45. urteurrena ospatuko du

2018-07-13
45 urte betetzen ditu aurten Gipuzkoako DYAk. Igandean Donostiako Sagues zabalgunean ate irekien jardunaldia antolatu dute urteurrena ospatzeko eta guk Maialen Carrion Gipuzkoako DYAko Idazkari Probintzialarekin hitz egiteko aprobetxatu dugu. Erakundeak izan dituen aldaketei buruz, aurrera eramaten dituzten jardueren inguruan eta boluntarioen garrantziari buruz hitz egin dugu berarekin, besteak beste. Erakundearen sorrerari buruz hitz egitean, DYAko lehen elkartea Bizkaian sortu zela kontatu digu Carrionek.Gipuzkoako DYA probintziako errepideetan laguntzeko zerbitzu gisa sortu zela ere azaldu digu. 45 urteko ibilbidean gauza asko aldatu dira eta gizartearen beharretara egokitzen saiatu direla esan digu Carrionek. Jendeak DYA anbulantziekin soilik erlazionatzen du gehienetan, baina gizarteari askoz zerbitzu gehiago eskaintzen dizkiotela azaldu digu erakundeko idazkariak. Eskaintzen dituzten zerbitzuen artean, askorentzat ezezaguna den bati buruz galdetu diogu, Nahia Programa interesgarriari buruz. Elkarteak RCP edo Bihotz Biriken Suspertzearen inguruko ekimen asko antolatzen ditu urtean zehar. Herritarron artean teknika hauen garrantzia guztiz barneratuta dagoen edo oraindik kontzientziazio lan handia egin behar den galdetu diogu Carrioni. Gipuzkoako DYAk Donostian du bulego zentrala, baina probintzia osoko hainbat herritan banatuta daude ordezkaritza ezberdinak. Denen artean koordinatzeko irratia erabiltzen dutela azaldu digu. Gipuzkoan 500 bat boluntario daudela esan digu Carrionek, eta bolondres izateko zer ezaugarri izan behar diren galdetu diogu.Elkartearen finantzazioaren oinarria bazkideak direla azaldu digu, eta haiei esker eta haientzat lan egiten dutela kontatu du. Bukatzeko, igandean antolatutako festaren inguruan hitz egin dugu. Behar ditugunean hor egoteko esfortzua egiten duten boluntario hauei asko zor diegu. Errepidetan, jende asko biltzen den ekitaldietan edota ikastoletan, beti laguntzeko prest. Urteurrenagatik zorionak denoi eta egunero egiten duzuen lanagatik eskerrik asko denon partez. Bejondeizuela eta jarraitu horrela!
 
bannerra

bannerra