Skip to main content

Azken bideoak: Saioak

bideoaren irudia
Bilbora iristen diren errefuxiatuentzako baliabideak bermatzeko eskatu dute

2018-07-17

Izan ere, Bilbora iritsitako 47 lagunek seigarren gaua pasatu dute Atxuriko kantxetan, bertako auzotarrek harrera eginda. Atxurigorri elkarteko kideak dira horretaz arduratzen ari direnak, eta jakinarazi dute migranteetako batzuk beste herri batera joateko asmoa badute ere, gainerakoek Bilbon geratu nahi dutela. Elkarteak egoera hori salatu du agintarien aurrean; alde batetik, migratzaileen beharrei ez dietelako behar bezala erantzuten, eta, bestetik, martxan jarri diren dispositiboak, nahikoak ez direlako.

Joan den astean, Gurutze Gorriak 88 plazako aterpetxe bat egokitu zuen, baina hiru egunez soilik egon daitezke bertan. Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak lehenago ere salatu du Bilboko Udalak eskaini duen zerbitzu bakarra Gurutze Gorriak erabiltzen duen 48 oheko aterpetxe bat izan dela. Lo egiteko eta gosaltzeko aukera eskaintzen dietela soilik eta bi gautan soilik erabil dezaketela.

Hain justu, aterpetxe horretan beste 40 lagunentzako lekua bermatu dute erakunde publikoek. Eta Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko aldundia eta Bilboko Udalaz gain, Gurutze Gorria, CEAR-Euskadi eta Munduko Medikuak elkarteek ere parte hartu dute. Administrazio bakoitzak egin duen ekarpen ekonomikoari dagokionez, 100.000 euro Jaurlaritzak jarri ditu; 30.000, diputazioak; eta 20.000, udalak.

Badirudi, ordea, ez dela nahikoa eta Atxuriko kantxetan hartu dituzten hamarnaka migranteak horren erakusle. Hargatik, egoera konpontzeko beharrezko baliabideak exijitu dizkie Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak erakunde publikoei.

bideoaren irudia
UNICEF Euskal Herriko Batzordeak "Aliaods" aliantza sinatu du 15 komunikabiderekin

2018-07-17

UNICEF-eko Euskal Herriko Batzordeak komunikabide autonomiko eta lokalen aliantza aurkeztu du Gernikan. “Aliaods” izenpean, Euskadin aritzen diren 15 komunikabide eta komunikazio taldek sinatu dute UNICEF-ekin hitzarmena. Helburua, Garapen Iraunkorrerako 2030 Agendaren alde aritzea eta Garapen Iraunkorrerako Helburuen inguruan sentsibilizatzea. Isidro Elezgarai Batzordeko presidenteak, arreta berezia jarri nahi izan du ume eta gazteetan eta elkarlanaren garrantziaz aritu da ere.

bideoaren irudia
Crida Nacional, independentziarako Puigdemonten tresna berria

2018-07-17

Bartzelonako Ateneun aurkeztu zuten astelehenean Crida Nacional egitasmoa, proiektu subiranista berria. Gemma Geis JxCateko diputatuak eta Ferran Mascarell Generalitateko ordezkariak irakurri zuten manifestua. Quim Torra Generalitateko presidentea ez zen egon, Alemaniatik hartzekoa zuen hegazkina atzeratu egin baitzen eguraldi txarragatik. Telefono bidez hartu zuen parte. 

Puigdemont bideokonferentzia bidez izan zen aurkezpenean, eta Jordi Sanchez JxC Junts per Catalunya alderdiko liderrak, berriz, gutun bidez eman zuen azalpena. Puigdemonten, Torraren eta Sanchezen ekimenez sortu dute Crida Nacional «mugimendu politiko tranbertsala». Zenbait plataformari zuzenean lotutako mugimendua da: 1-O mugimenduarekin eta Junts per la Republicarekin, esaterako. Puigdemonten hitzetan, plurala eta anitza izan nahi duen errepublikarako bidea egitera doaz. 

Mugimenduak hartuko duen noranzkoa zehazteke dago oraindik, baina baliteke hilabete batzuk barru alderdi politiko bilakatzea. Webgune bat irekiko dutela egitura juridikoa erabakitzeko, eta udazkenean egingo duten bileran hartuko dutela azken erabakia. Forma juridikoa zehaztuta, martxan jarriko dute proiektua. Mugimenduaren helburu nagusia «lanabes politikoa eta transbersala» izatea da. Hau da, egungo alderdiez harago joan eta horiek bildu nahi ditu proiektuak.

bideoaren irudia
#11Mundiala Frantzia, munduko txapeldun

2018-07-16

Didier Deschamps lapurtarrak zuzentzen duen taldeak nagusitasun handiz irabazi du munduko txapelketan. Kroaziaren aurkako finalean, frantziarrek lau eta biko markagailua eskuratu zuten. Beñat Zarrabeitiak Frantziako selekzioaren bertuteak aztertu ditu.

bideoaren irudia
Utopia edo sistemak irentsi ezin duen bidea egitea

2018-07-16

Alba Garmendiak eta Eduardo Apodakak ikergai dituzte utopia eta distopiak, eta horiexek izan dituzte hizpide UEU eta Jakinek antolatutako jardunaldietan, baita gurean ere.

bideoaren irudia
Sexu jazarpena salatutako langilea kaleratu izana egotzi dio LABek Berrizturi

2018-07-16
Aste batzuetara lanera itzultzean, kaleratu egin zuten. Berriztuk aldundiarentzat lan egiten duenez, auzi horretan instituzioak duen erantzukizuna agerian utzi nahi izan dute aldundiaren atarian egindako elkarretaratzearekin.