Skip to main content

Azken bideoak: Gizartea

bideoa prestatzen
Ikastetxe publiko eta itunpekoak parean, eta D eredua buruan dela hasi da ikasturtea EAEn

2018-09-07

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak hasiera ofiziala eman dio 2018-2019 ikasturteari, Donostiako Ikasbide Ikastolara egin duen bisitarekin. Guztira, 374.957 ikasle hasi dira dagoeneko ikasgeletara joaten Euskadiko unibertsitatez kanpoko ikasketa mailetan. Iaztik %0,03ko hazi da datua, baina beherakada egon da Haur Hezkuntzako zikloetan.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek hautatzen duten hezkuntza sistemari dagokionez, orekatuta daude publikoaren eta itunpekoaren arteko datuak: Ikasleen %50,6k sare publikoan ikasten dute, eta gainerako %49,4k itunpekoan. Hizkuntza ereduei begiratuta, berriz, D eredua da ikasleek gehien eskatzen dutena.

Aurkezpenean, sailburuak hizpide izan ditu unibertsitatez besteko ikasleak eskolatzeko bekak, eta diru-laguntza horietarako Hezkuntza Sailak aurten bideratuko duen diru-kopurua: 55 milioi eurokoa izango da.

Hezkuntza Sailak ikasturte honetan burutuko dituen ekimen guztien artean, batzuetan ipini du arreta Uriartek. Batetik, Hezkuntza Saila atzerriko jatorria duten ikasleen eskolatzeaz osatzen ari den azterketa hartu du hizpide. Bestetik, ikasturte honetan abian jarriko dute Gaitasun Handiko ikasleez arduratuko den Plan bat ere.

Horrez gain, Lanbide Heziketan, ikasle kopuruak izan duen %1,38ko hazkundearekin hasi da ikasturtea, baina baita Lanbide Heziketako Euskal Lege berria estreinatuz ere, joan zen ekainean onartu baitzuen Eusko Legebiltzarrak. Horrekin, garai berrietara egokitzeko egin behar diren eraldaketei egokiago helduko dietela azaldu du Uriartek eta datozen hilabeteetan Lanbide Heziketako V. Euskal Plana onartuko dutela gogorarazi du.

Azkenik, Hezkuntzako Lan Eskaintza Publikoaren auziari ere heldu dio Uriartek, eta esan du urte amaieran ikusiko dutela datorren urterako zenbat irakaslerentzako eskaintza aterako duten.

bideoa prestatzen
Seaskarekin negoziatzeko konpromisoa hartu du Paueko ikuskaritza akademiak

2018-08-31
Seaskako irakasleek Paueko Akademia ikuskaritza hartu dute protestan, haietako lau ikuskaritzako ordezkaritza batekin bildu dira, gainontzekoak kanpoaldean protestan ari ziren bitartean. Irakasle gehiago eskatzeko eraman dute protesta Pauera.
bideoa prestatzen
Alarde baztertzailea jaia bizitzeko modu errespetagarritzat du Gipuzkoako Kultura diputatuak

2018-09-06

Hondarribiko alardean plastiko beltzik ez ateratzeko eskatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Alarde parekidearen aurkakoek egiten dute keinu hori, urtero, Jaizkibel konpainiak Kale Nagusia igotzen duenean, eta soberan dagoela ohartarazi du Denis Itxaso Kultura diputatuak.

Hori bai, Itxasok bi desfileak ikustera joango dela esan du, Jaizkibel konpainiarena eta emakumeak onartzen ez dituen alardearena, jaiaz gozatzeko bi erak errespetatzen dituelako.

Ba larunbateko zitaren atarian, Jaizkibel konpainiako kapitainarekin, Ohiana Etxebarrietarekin hitz egin du Hamaika Telebistak. Hondarribiako Udalak alarde baztertzaileari soilik egingo dio harrera ofiziala, eta Etxebarrietaren ustez, parekideari ere zor dio harrera. Baita gatazka konpntzeko bitartekoak jartzea ere.

Izan ere, Etxebarrietak uste du gatazka iraunarazten bada mezu desegokia hedatzen dela, lehen eta bigarren mailako herritarrak daudenaren mezua, hain justu.

Edonola ere, iruditzen zaio duela 25 urte emakumeen parte hartzearen aldeko urratsa egin zutenen bideak ez duela atzera bueltarik.

bideoa prestatzen
Kultur Aniztasun eta Migrazio zuzendaritza bat sortzeko legez besteko proposamena egin du EH Bilduk

2018-09-06
Harrera egiteko sare publiko eta bakarra eskatu du koalizioak,zerbitzu integral, ordenatu eta kalitatezkoa emateko.
bideoa prestatzen
Sartagudako Memoriaren Parkea bisitatzeko audio gida

2018-09-06
Sartagudako Memoriaren Parkea bisitatzeko audio gida aurkeztu dute AFFNA 36 Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak eta Alargunen Herriko Elkarteak. Audio gidak Memoriaren Parkearen esanahia eta horren atzean dagoen historia ezagutarazi nahi du modu ulergarri batean. Sartagudako Memoriaren Parkea Nafarroa eta Euskal Herri osoan ez ezik, nazioarte mailan ere erreferentzia bilakatu da memoria historikoaren esparruan.
bideoa prestatzen
"Mezua da lehen eta bigarren mailako herritarrak daudela, soilik emakumeon eskubideen alde egiteagatik"

2018-09-05
Azken ukituak ematen harrapatu dugu Oihana Etxebarrieta Hondarribiko Alardeko Jaizkibel konpainiako kapitaina. Hondarribiko Udalak aurten ere harrera egingo ez diela eta bi eskaera egiten dizkiote agintariei. Batetik Udalak herritar guztien ordezkari izan behar duela eta bestetik egun dagoen gatazkaren konponbiderako urratsak eman behar dituela elkarrizketarako bideak ahalbidetuz. Jai parekideen norabidean tamalez urratsak geldoak izaten ari direla dio baina honek atzera bueltarik ez duela.