Skip to main content
bannerra

Azken bideoak: Biolentzia

bideoa prestatzen
Lekukoek istilu eza zein Ertzaintzak erabilitako bortizkeria azaleratu dute epaiketaren bigarren egunean

2018-10-16
Cabacas kasuko epaiketaren bigarren egunean, lekukoen txanda iritsi da. Gehienek, Ertzaintzak izandako jarreraren berri eman dute, istilurik ez zegoen gune batean, gomazko pilotak jaurti zituztela adieraziz eta kasu batzuetan Iñigo Cabacas laguntzea galarazi egin zutela. Gurasoek sesio zinez gogorra pairatu dute hunkituta eta minduta azalduz.
bideoa prestatzen
'Txiki' eta Otaegi omendu dituzte Zarautzen

2018-09-27

43 urte bete dira, FRAPeko hiru kiderekin batera, Juan Paredes Manot 'Txiki' eta Anjel Otaegi ETA erakundeko kideak fusilatu zituztenetik. Zarauztarra zen Txikieta Azpeitiko Nuarbe auzokoa Otaegi, eta bi herrietan ekitaldiak antolatu dituzte haiek omentzeko, Gudari Egunaren harira. Horrez gain, Ahaztuak elkarteak iruñean ere antolatu du ekitaldi bat, baina Espainiako Gobernuak debekatu egin du.

Francisco Franco diktadorea ohean hil aurreko egunetan, 1975eko irailaren 27an, erregimenaren fusilamendu batailoiek hil zituzten ETAko bi kideak eta FRAPeko Jose Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz. Otaegi Burgosko kartzelan hil zuten, lekukorik gabe. Txiki, Sardanyolan, Collserolako hilerrian gora igota.

Eguerdian izan da gertaera haiek salazeko eta Txiki oroitzeko ekitaldia Zarauzko hilerrian, eta, 19:00etan, Nuarbeko hilerrian, lore eskaintza, Otaegiren omenez. Zarauzko ekitaldian parte hartu du Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak, eta gatazkaren kontaketa anitza aldarrikatu du.

Horrez gain, salatu du frankismo garaiko krimenak zigorgabe uztea bermatu zuela Espainiako legediak 1977an, eta gauza bera gertatzeko arriskua dagoela azken 40 urteotako estatu krimenekin ere. Euskal Herrian bake osoa bermatzeko, berriz, hiru baldintza ezinbestekoak direla zehaztu du Rodriguezek.

Gudari Egunaren testuinguruan, astebururako ere antolatu dituzte hainbat ekitaldi. Igandean, mendi martxa egingo dute Azpeititik Nuarbera, eta, eguerdian, omenaldia egingo diete bertan Otaegiri eta Pasaiako segadan hildako Dionisio Aizpuru 'Kurro'-ri eta Pedro Mari Isart 'Pelitxo'-ri.

Nafarroan, ordea, debekatu egin dituzte Ahaztuak elkarteak antolatutako ekitaldiak, “terrorismoa goratzea" dela ebatzita. Zehazki, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkari Jesus Arastik debekatu du arratsaldean Iruñean egitekoa zuten ekitaldia. Plataformak salatu du faxismoaren aurka borrokatu zutenak omentzea zela haren helburua, eta ez besterik.

bideoa prestatzen
Nerea Martinez: "Martxoaren 3ko kasuan, egiaren aitortza eta zigorgabetasunaren amaiera nahi dugu"

2018-09-26
1976ko martxoaren 3an espainiako poliziak Gasteizen eragindako sarraskia Arabako herritarren oroimen kolektiboan iltzatuta geratu den zauria da. 42 urte beranduago, justiziaren aldeko aldarriak bizirik jarraitzen du. Martxoak 3 Elkarteak, egia eta biktimentzako aitortza eskatzeaz gain, sarraskiaren arduradunen zigorgabetasuna salatzen du. Horretarako, Argentinan, Servini epailearen bitartez, bide judizialari ekin dio eta Bruselan europarlamentariekin biltzeko aukera izan du. Gasteiztarren oroimen kolektiboa markatu duen gertaeraren inguruan hitz egiteko, Nerea Martinez-ekin egon gara, 1976ko martxoaren 3an hildako Pedro Martinez Ocio-ren ilobarekin.
bideoa prestatzen
Biktimen eskubideak izango ditu ardatz V. Foro Sozialak

2018-09-12

Urriaren 5ean eta 6an, Bilbon eta Iruñean, hurrenez hurren, egingo dute V. Foro Soziala eta gatazkaren biktimen eskubideak izango ditu ardatz.

Foro Sozial Iraunkorreko kideek azaldu dute hausnarketa gune bat ireki nahi dutela, Euskal Herriko eta nazioarteko partaideekin, eta bertatik jasotako ondorioek bideratuko dutela Foro Sozialak aurrerantzean egingo duen lana.

Agerraldian, Aitzpea Leizaolak lagun izan du Harold Good, IRA eta ETA erakundeen armagabetzean ikuskatzaile lanetan aritutako apaiza. Besteak beste, ostegun honetan Azpeitian hitzaldi bat eskainiko duena, haren esperientziaren berri eman eta Foro Sozial Iraunkorraren lanari babesa adierazteko.

bideoaren irudia
Indarkeriaren biktima ezberdinen testigantzak Nafarroako parlamentuan

2017-05-22

Biolentzia politikoa pairatu duten askotariko biktimek Nafarroako parlamentuan eskainitako testigantzak.

bideoaren irudia
Egigurenen elkarrizketa eta Espainiako hauteskundeak aztergai

2016-05-04

Jesus Egigureni Gurb aldizkarian egin dioten elkarrizketako hainbat pasarte aztergai izan ditugu aste honetan. Besteak beste, esan du hainbatek ez zutela bakea desio eta PSOE barnean baztertu egin dutela. Horrez gain, Espainiako hauteskundeak errepikatzeari ere erreparatu diogu. Horretarako gurekin izan ditugu Jagoba Alvarez, Iñaki Zarraoa, Karmelo Landa eta Neskutz Rodriguez.