Skip to main content

Azken bideoak: Saioak

bideoaren irudia
50.000 lagun bildu zituen Altsasuko gazteen aldeko manifestazioak

2018-04-17

Iruñean egon den manifestazio arrakastatsuena izan zen larunbatekoa. Izan ere, 50.000 lagun bildu ziren bertan Altsasuko auzia justizia eta neurritasuna eskatzeko. Nafarroako Gobernuak babestu zuen mobilizazioa eta bertan izan zen bere eleduna, Maria Solana, bai eta lauko alderdiaren eta sindikalgintzako ordezkariak ere. Solanak proportzionaltasun printzipioa ez dela errespetatu salatu zuen. 

bideoaren irudia
Koldo Arnanz: "Deklarazioetan koherenteak izan dira eta sendo daudela ikusi dugu"

2018-04-16

Hasi da Altsauko zortzi gazteren kontrako epaiketa Madrilen, eta epaitu guztiek deklaratu dute goizeko saioan, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Fiskalak 50na urteko espetxe zigorra eskatzen die seiri, 62 urtekoa beste bati, eta hamabi urtekoa beste bati.

2016ko urrian, Altsasuko feriak ospatzen ari zirela, zenbait gaztek liskarra izan zuten bi guardia zibilekin eta haien bikotekideekin, taberna batean. Guardiek zauri arinak izan zituzten. Horren ondorioz, "terrorismo delituak" egozten dizkiete zortzi gazteri. Jokin Unamuno, Oihan Arnanz, Adur Ramirez de Alda, Iñaki Abad, Julen Goikoetxea, Jon Ander Cob, Aratz Urrizola eta Ainara Urkijo dira auzipetuak.

Unamunok, Ramirez de Aldak eta Arnanzek deklaratu dute aurrena. Eta hirurek esan dute ez zutela guardia zibilik jo. Unamunok eztabaida izan zuela onartu du, edonola ere, Ramirez de Aldak esan du gertaeren unean etxean zegoela eta Arnanzek esan du tabernan zegoela baina ez zuela liskarrean parte hartu.

Asteartean hartuko diete deklarazioa guardia zibilei eta hurrengo egunetan lekukoen txanda izango da. Datorren astean, berriz, perituek deklaratuko dute. Azken hiru egunetan, ondorioak aurkeztuko dituzte aldeek, eta, gero, epaiaren zain geldituko dira.

Auzipetutako gazteen gurasoek hilabeteak daramatzate justizia eske eta kezktuta daude etor daitekeenarekin. Koldo Arnanzek, adibidez, goizeko auzi saioaren kronika eta balorazioa bidali ditu Hamaika telebistara.

Hainbat lagun joan dira Madrilera, auzipetuei eta haien senideei babesa azaltzera. Esate baterako, han izan da Unai Hualde Nafarroako Legebiltzarreko lehendakariordea. "Proportzionaltasuna" eskatu du, eta Europa epaiketari begira dagoela ohartarazi du.

Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko diputatua, Bakartxo Ruiz EH Bilduko Nafarroako Legebiltzarreko parlamentaria, Eduardo Santos Nafarroako Ahal Dugu-ko lehendakaria eta Nagua Alba Ahal Dugu-ko diputatua ere han izan dira, besteak beste. Bat egin dute terrorismo deliturik ez dagoela esaterakoan, eta proportzionaltasuna eskatu dute.

bideoaren irudia
EGUNEKOA: apirilaren 16ko albiste nagusien laburpena

2018-04-16

Politika albisteei dagokienez, Mikel Antza presoak Reauko espetxean jasan duen jipoiari eta euskal preso politiko ohiek apirilaren 21erako egindako Bilboko manifestazio deialdiari erreparatu diegu. Gizarte arloan, EAEko erakunde publikoek etxegabeen egoera konpontzen laguntzeko hartutako konpromisoan jarri dugu arreta, besteak beste.

bideoaren irudia
Athletic: Aurrera begirako erronkak, kirol alorretik harago

2018-04-16

"Herritik sortu zinalako, maite zaitu herriak", hala dio talde zuri-gorriaren ereserkiak. Tradizionalki banatuta bizi izan den jendarte bateko eremu kohesionatzailea izan da Athletic. Orain, ziklo on batean murgilduta, gizonezkoen lehen taldeak denboraldi txarra egin du.

Baina, Hiriburuan saioan, aurrera begira jarri nahi izan dugu, klubaren erronken inguruan hitz egin asmoz. Beñat Zarrabeitiaren gidaritzapean, Asier Laraudogoitia zein Gontzal Astorki izan ditugu platoan eta Juan Carlos Latxaga, Olatz Calvo, Ane Urkiri Ansola eta Joseba Vivanco-ren iritziak jaso ditugu baita.

bideoaren irudia
Lehen gradua gainditzea, preso ohien "leitmotiv"-a

2018-04-16

Legedi arruntaren bidea juridikoki eta politikoki egiteko konpromisoa hartu zuen EPPK-k eta dagoeneko espetxeetan txertatzen ari da. Estatu espainiarrean eraginkorra izan dadin, aldiz, «ezinbestekoa» izango da lehen graduari bukaera ematea. Hori da «lehenengo traba», eta hala eskatu dute Donostian 250 preso ohi eta iheslari inguruk, larunbateko "Bada garaia. Presoak kalera" manifestazioaren atarian.

bideoaren irudia
Herri emantzipatuaren ikuspegitik, 'Demokrazia bai' manifestua

2018-04-13

Dozenaka lagunek izenpetu dute Demokrazia bai manifestua, eta aurkezpenean izan dira, besteak beste, Carlos Garaikoetxea eta Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakari ohiak. Baita hainbat sailburu ohi, kazetari eta irakasle ere. Oso kezkagarritzat jo dute Espainiako atzerakada prozesuak eta joera inboluzionistak Europaren aldetik duten babesa. Uste dute garaia dela oinarrizko kontzeptuak berreskuratzeko.