Skip to main content

145.000 sinadura baino gehiago aurkeztu dituzte pentsiodunek pentsio publikoak duintzeko

Ekonomia

Irene Garitagoitia Beitia

2025, Maiatza 16 - 14:05
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak 145.000 sinadura baino gehiago aurkeztu ditu Eusko Legebiltzarrean pentsioak osatzeko euskal sistema bat ezartzeko xedearekin. Sinadurak ostegun honetan traktore baten atoan eta jendetzak lagunduta iritsi dira Legebiltzarrera.
Irailean euren herri ekimen legegilea aurkeztu zuten, gutxieneko pentsioa lanbide arteko gutxieneko soldatarekin berdintzeko helburuarekin. Izan ere, ekimena Legebiltzarrean eztabaidatua izateko gutxienez 10.000 sinadura behar zituzten. Lau hilabete igarota, 145.142 lagunen sinadurak lortu dituzte. Behin hauek aurkeztuta Eusko Jaurlaritzak 15 eguneko epea izango du txostena osatzeko eta ostean, Legebiltzarrean osoko bilkura batean bozkatu beharko dute eskaria onartu edo ez.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak gogorarazi du euren eskariak soldatak 1.184 eurotara igotzea eskatzen duela, hori baita 2025 urteko lanbide arteko gutxieneko soldata. Horretara heltzeko falta den dirua Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek jartzea eskatzen dute. Azaldu dutenez, honek 60 urtetik gorako pentsiodunek bazterkeria jasateko duten arriskuarekin amaituko luke. Nahiz eta, azpimarratu duten edozein pentsio jasotzen dutenek izango dutela osagarria eskuratzeko aukera, beti ere lanerako erabateko ezintasuna aitortuta badute.
Lege ekimena onartzen bada, jakinarazi dute, 100.000 pentsiodunek onura izango luketela, eta horietatik guztietatik 65.000 emakumeak direla. Pentsiodunek ekimenak izandako arrakasta azpimarratu dute eta bide batez, Imanol Pradales lehendakariari ekinaldia aurkezteko aurrez aurreko bilera bat eskatu diote.
Hamaika Telebista