2024ko Gasteizeko udal aurrekontuak onartu dira PSE, EAJ eta EH Bilduren arteko akordioari esker
Ekonomia
Aurreko astean iragarri bezala, EH Bilduk Gasteizko Udal Gobernuaren aurrekontuak aurrera ateratzea bermatu du. Gasteizko historian udalak izandako aurrekonturik altuena izango da 2024koa, ia 459 milioi eurokin. Adostutako neurrien artean, adinduentzako etxebizitza komunitarioen sorrera edota udalarenak diren etxebizitzak eraberritu eta alokairuan jartzea aurreikusten da. Udal politikarako aldaketa suposatu duen akordioa izan da. Izan ere, maiatzeko hauteskundeetan EH Bildu garaile atera bazen ere, alkatetza Maider Etxebarria sozialistarentzat izan zen, inbestiduran PPren babes jasota.
Oraingoan, baina, EH Bildu izan da udal gobernuarekin bat egin duena. EH Bilduren babesa, hori bai, abstentzio moduan izan da. Akordioa iragartzerakoan azpimarratu bezala, taldeak oposizioa egiten jarraituko du, etorkizunean negoziatzeko eta akordio berriak adosteko borondatea erakutsi badu ere. Udal gobernuak ere adosteko borondatea duela baieztatu du, EH Bildurekin ez ezik, oposizioan dauden PP eta Elkarrekinekin ere. Izan ere, PSE eta EAJk osatutako gobernua gutxiengoan egonda, akordioak beharrezkoak izango dira Gasteizen legegintzaldi osoan zehar.