%4,4 jaitsi da Arabar Errioxako ardoaren salmenta mundu mailan
Ekonomia
Arabar Errioxako ardoaren salmenta %4,4 jaitsi da mundu mailan urteko lehendabiziko bost hilabeteetan. Urte honetan 254 milioi litroko ekoizpenarekin amaitzea aurreikusten da, pasaden urtean baino 123 milioi litro gutxiago. Datu hauek Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak jakinarazi ditu Arabako Errioxako Mahats-bilketaren 29. edizioan.
Sailburuak adierazi du ardo ekoizpen sektorea “egoera global zail” batean dagoela, inflazioa, tentsio politikoa eta garraioaren eta horniketaren krisiarengatik, besteak beste. Sektoreko ekoizle txikiak eta kooperatibak dira batez ere krisi honen ondorioak pairatzen ari direnak. Barredo sailburuak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak “laguntza puntualak” emateko tresna berriak garatuko ditu intereseko merkatuetan merkataritza-neurriak garatzeko eta sektoreari finantza-laguntza emateko.
Bestalde, Arabar Errioxako ardoa Euskal Herriko merkatuan indartzearen garrantzia azpimarratu du Barredok, ostalaritzan “ohiko eskaintza” bilakatu behar dela adieraziz. Bukatzeko, belaunaldi berriei laguntza ematea funtsezkoa dela adierazi du sailburuak eta bere sailak hauek babestuko dituela baieztatu du.