Aurtengo lehen lan heriotza salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte sindikatuek
Ekonomia
Aurten gertatu den lehen lan heriotza salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte sindikatuek. 51 urteko langile bat hil zen asteartean Gasteizen. Ezbeharra Baskonia Alaves taldeen futbol zelai berria eraikitzeko lanetan gertatu zen, hondeamakina batek harrapatuta. Gizonak Zikotz enpresak azpikontratatutako Excavaciones Mendiola enpresarentzat egiten zuen lan. Sindikatuen hitzetan onartezina da egunero lantokira joateak bizitza arriskuan jartzea, horregatik enpresei eta administrazioari neurriak hartzeko eskatzen diote lan heriotzak saihesteko. Era berean, lan-istripuek langileriarentzat duten garrantziaz jabetzeko deia egiten diote gizarteriari. Gasteizko Udalak sindikatuekin bat egin du, lan prekarietateari aurre egin behar zaiola nabarmenduz eta laneko segurtasunak lehentasuna izan behar duela edozein lan motatan adieraziz.