Skip to main content

Automobilgintzarako garai "zaila" izango da Gasteizko Michelin enpresako zuzendariaren hitzetan

Ekonomia

2025, urt. 14 - 11:01

Gasteizko Michelin enpresako zuzendariak, David Udakiolak, jakinarazi du Europako automobilgintzarako garai zaila dela, Asiako merkatuek lehiakortasuna galtzea eragiten dutelako. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak lantegira egindako bisitan eman ditu adierazpen horiek. Hala ere, Gasteizen ez ditu iragarri Frantzian eta Bretainian hartutako bezalako neurri parekorik. Lehendakariak onartu du Ameriketako eta Asiako merkatuek Europa estutzen ari direla eta horregatik Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak duten industria gaitasunak sustatzeko garaia dela. Era berean, bake soziala ezinbestekoa izango dela aurrean dituzten erronkei aurre egiteko aipatu du Udakiolak, etorkizuna elkarrizketa sozial zintzo eta eraikitzaile batean oinarritzen baita.

Lan arloan, absentismoak arazoak dakarrela adierazi du, azpimarratuz enpresa eta herrialde gisa lehiakortasuna arriskuan jarri, irudia kaltetu eta Michelin taldeak lantegietan duen konfiantza arriskuan jartzen duela. Bisitan, enpresako langile talde batek Entzun proiektuaren berri eman dio lehendakariari. Fabrikako langileek dituzten kezkei konponbidea bilatzean datza proiektua. Kezken artean, lidergoa, absentismoa, kontziliazioa, talde lana eta komunikazioa nagusitu dira. Etorkizunari begira, gidaritza eskola eta harrobia sortu nahi dutela iragarri dute langileek.

Hamaika Telebista