Skip to main content

Bermeoko Udalak babes osoa adierazi die Salicako langileei eta euren borrokarekin bat egin du

Ekonomia

2024, ots. 29 - 14:02

Salica kontserba enpresaren egungo egoerak sortutako kezkaren erdian, Bermeoko Udalak babes osoa adierazi die Salicako langileei eta euren borrokarekin bat egiten du. Hala, prentsaurreko bateratua egin dute gaur. Bertan egon dira, hain zuzen ere, Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomaly, Xabier Ortuzar Butron alkateordea eta Salica kontserba enpresako enpresa-batzordea osatzen duten LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariak.

Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk langileen eta enpresako zuzendaritzaren arteko zubi lanak egin, eta bi aldeekin izandako bileren berri eman du. “Oso kezkatuta” dago Salican ezarritako Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienteak (ABEEE) eragiten dien herriko familiengatik. “Egoera horrek familietan duen eragina ulertzen dugu, bereziki, familia bereko kide anitzek enpresa berean lan egiten dutenean. Gainera, kezkatzekoa da ez dakigulako prozesua denboran zenbat luzatuko den, gaur egun judizializatuta baitago”, adierazi du. Bi aldeekin bildu ostean, alkateak langileen eta enpresako zuzendaritzaren “jarrera eta errespetua” azpimarratu ditu. “Bi aldeen jarrerak ulertzen ditut, eta garrantzitsua da guztien mesederako izango diren konponbideak bilatzea”.

Alkateak Salicak aurrera ateratzeko duen plana ezagutu ahal izan du, dioenez, arretaz entzun zuen, eta “lehenbailehen fruituak ematea espero du”. Salicako langileei gogorarazi gura izan die bere esku dagoen guztian laguntzeko prest dagoela: “Nire bulegoko ateak irekita daude, eta inplikatutako guztiei mesede egingo dieten konponbideak aurkitzeko elkarlanean aritzeko konpromisoa hartzen dut". Espero du egoera hau, “lehenbailehen” konpontzea eta amaitzea.

Hamaika Telebista