Skip to main content

EH Bilduk ez du EAJk eta PSEk aurkeztutako zerga erreforma onartuko

Ekonomia

2025, ots. 27 - 13:02

EH Bilduk ez du babestuko EAJk eta PSEk proposatutako zerga erreforma. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzak Nagusietan aurkeztu dute, hiru aldundietan gobernatzen baitute eta zerga erreforma foru erakunde guztietan onartzea da asmoa. Nerea Kortajarenak, EH Bilduren Programa idazkariak esandakoaren arabera, erreforma sakon bat egin beharrean azaleko doikuntza bat aurkeztu dute. Gaineratu du, egiturazko arazoei heldu beharrean egoera makilatzen duten kenkariak eskaintzera mugatu direla, sakonetik konpondu gabe.

Gauzak horrela, EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztuko duela iragarri du sakoneko zerga erreforma bultzatzeko asmoarekin, haien hitzetan, proposatutakoa gure zerga-bilketarako ahalmena murrizten baitu. Horretaz gain, zuzenketa partzialak ere aurkeztuko ditu.

Bide batez, Kortajarenak, EAJ eta PSEri dei egin die eskaini dieten aukera baliatu dezaten, sakoneko erreforma fiskala negoziatzeko prest daudela eta hala balitz, osoko zuzenketak ere erretiratuko zituztela. Prentsaurrekoan, EH Bilduk, gogora ekarri du 2024ko urrian erreforma horretarako ekarpenak plazaratu zituela, aurrekontu-akordio global bat planteatu eta ezinbestean, zerga-bilketaren eta zerga-sistemaren erreforma bat jaso behar zuela. Azaldu dutenez, EAJk ets PSEk ez diete jaramonik egin eta hortaz, ez daude prest hori babesteko, proposamena oso urrun baitago gaur egungo egoera ekonomikoak eskatzen duen erreformatik.

Unai Urruzunok, EH Bilduko kideak aurreko astean Hamaika Telelebistari jakinarazi zion zerga erreformek barne hartu beharko lituzkeen edukiak EH Bilduk onar ditzan. Zehazki hiru atal nagusi aipatu zituen, lan errenten birplanteamendua, kapital errentak eta elkarteen gaineko zergak.

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Imanol Pradalesek, edukietan zentratzeko eskatu dio EH Bilduri eta alderdi batzuei osasun hesirik jartzea baztertu du, Alderdi Popularrari eta Elkarrekin Podemosi negoziatzeko atea irekita utziz. Izan ere, kontuan hartu behar da Araban eta Gipuzkoan jeltzale eta sozialistek oposizioaren botoak ezinbestekoak dituztela erreforma aurrera atera dadin.

Hamaika Telebista