ELAk eta LABek gutxieneko soldata negoziatzeko eta adosteko Confebask presionatzea eskatu diote Pradalesi
Ekonomia
Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko idazkari nagusia eta Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile nagusia Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin bildu dira Ajuria Enean eta ausardia eta determinazioa eskatu dizkiote Confebask lanbidearteko gutxieneko soldata propioa negoziatzera behartzeko.
Gutxieneko soldata hemen erabakitzea milaka langileren lan eta bizi-baldintzak hobetzeko urratsa dela berretsi dute. Hala, inplikazioa eskatu diote Jaurlaritzari, Confebasken blokeoa ez onartzeko, eta patronala 1.500 euroko gutxieneko soldata bat adostera bultzatu dezan. Gainera, gogorarazi diote ekimen batzuk bere esku daudela Confebasken ezezkoa gainditzeko; horretarako, lehendakariak babestu behar duela Kongresuan Langileen Estatutua aldatzea eskatuko duen Herri Ekimen Legegilearen proposamena. Horrela, Eusko Legebiltzarrak gutxieneko soldata propioa finkatu ahal izan dezan. Sindikatuek uste dute neurriak 140.000 langile ingururi egingo diela mesede.
Izan ere, Bi sindikatuek, ESK, Steilas, Etxalde eta Hirurekin batera, kanpaina bat abiarazi dute Lanbide arteko Akordio bat eta Gasteizko eta Iruñeko Parlamentuetarako milaka sinadura bilduko dituen Herri Ekimen Legegile (HEL) bat lortzeko.
LGSa lortzeko mobilizazioek aurrera jarraituko dute. Mobilizazio sindikalak egingo dira apirilaren 3an Bilbon eta 14an Iruñean eta mobilizazio nagusia 5ean Hego Euskal herriko hiriburu guztietan.