Enpresen nazioartekotze-prozesuan lagunduko duela baieztatu du Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia Enpresa topaketan
Ekonomia
Gurean Gaur
Nazioartekotzearen aldeko apustua plazaratu die lurraldeko enpresei Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia Enpresa topaketaren 15. edizioan. Barakaldoko BECen ospatu dute ekimena, BEAZ foru sozietateak antolatuta, eta kanpora begira jarritako konpainietako arduradun eta erakunde publikoetako ordezkariez inguratuta.
Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko diputatutak abiatu du topaketa eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak eman dio amaiera. Egungo egoera politiko “ezegonkorrean”, Etxanobek nabarmendu du nazioartekotzea garrantzitsua dela enpresak “hazi eta posizionatu” daitezen.
Zentzu horretan, aldundiak enpresei nazioarterako bidea egikaritzen lagunduko diela azpimarratu du Etxanobek, “kanpoalderako jauzia berme osoz egin dezaten”. Horretarako, eraldaketa bultzatzeko martxan dauden programa motak ezagutarazi ditu, nazioartekotzeari, berrikuntzari, inbertsioari, digitalizazioari, edota deskarbonizazioari bideratutakoak. Honi lotuta, enpresei bideratutako laguntzek martxan jarraituko dutela jakinarazi du Basurkok, “ikuspegi geoestrategikoa beren nazioarteko plangintzan txertatzeko". Horien artean, ekintzaileentzako eta enpresentzako laguntzen urteko plana, 2026an 63 milioi euroko zuzkidura duena, iaz baino %22,6 handiagoa. Programa honen bitartez, digitalizazioan, jasangarritasunean edota talentuan inbertitu nahi izan du Bizkaiko Foru Aldundiak, besteak beste.
Topaketan ON Bizkaia Enpresa sariak ere banatu dituzte, nazioarteko merkatuan dabiltzan Bizkaiko enpresak aintzatesteko, hainbat kategoriatan. Hala nola, Sorkuntza Proiektua, Berrikuntza eta Hazkunde Proiektua edota Trantsizio Berdeko Proiektua.

















