Eroskiko biltegiko greba bertan behera gelditu da Cecosa enpresarekin akordioa lortuta
Ekonomia
ELA sindikatuak iragarri du Eroskiren Elorrioko (Bizkaia) biltegiko hitzarmena sinatzeko ados jarri dela Cecosa enpresarekin. Ia langile gehienek gutxieneko soldata irabazten zuten orain arte, eta %23ko soldata igoera izango dute 2025erako. Bihar greba hastekoak ziren langileak, abenduaren 25era arte, baina, akordioa lortuta, bertan behera utziko dute. 130 bat langilek egiten dute lan biltegi horretan.
Soldata igoera horiekin, 2025ean 22.600 euro inguruko soldata izango dute urtean lanaldi osoko langileek, ELAren arabera. Bestalde, antzinatasunagatik soldata gehigarriak jasotzea ere adostu dute. Enpresan daramaten denboraren arabera.
Sindikatuaren arabera, biltegiko langileek pisu handiak mugitu behar izaten dituzte, eta adostu dute lana errazteko baliabide mekanikoak erabiltzen hastea. Prebentzio neurriak ezartzeko neurri juridikoak hartuko dituela iragarri du ELAk.