Skip to main content

Erretiratzeko adina igotzeaz gain, emakumeek gizonek baino 500€ gutxiagoko pentsioak dituzte

Ekonomia

2024, urt. 08 - 13:01

"Emakumezkoen" erretiroak nabarmen egin du gora azken urteotan, duela zenbait hamarkada lan-merkatura sartu ziren asko erretiro-adinera iritsi baitira. Horrela, azken hamarkadan, emakume erretiratuen portzentajea % 41 hazi da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta % 44 Nafarroan. Gizon erretiratuak, aldiz, % 9 eta % 11 igo dira, hurrenez hurren. Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak Espainiar Estatu osoko batez besteko pentsiorik altuena badu ere, emakumeek jasotzen duten zenbatekoa gizonena baino askoz txikiagoa da oraindik.

EITB Dataren txostenari erreparatuz gero, pentsiodunen ia erdia gizonezkoa da, eta beste erdia emakumezkoa. Baina gizonek 1.895 euroko batez besteko pentsioa jasotzen duten bitartean, emakumeek 1.337 euroko pentsioa jasotzen dute. Estatu osoko zenbatekorik handienak dira, bai emakume zein gizonentzat. Nafarroan, aldea antzekoa da: gizonen batez besteko 1.743 euroetatik emakume pentsiodun batek batez beste kobratzen dituen 1.243 euroetara.

Azpimarratzekoa da ere, gero eta beranduago erretiratzen garela: 64,5 urterekin Euskadin eta 64,3 urterekin Nafarroan. Urteak igaro ahala, erretiro-pentsioa eskuratzeko batez besteko adina atzeratzen ari da.

Hamaika Telebista