Euskal Herri osorako tokiko moneta osagarria sortu dute
Ekonomia
Ainhoa Lainsa Merino
‘Gure Moneta’ proiektua aurkeztu dute asteazken honetan Errenterian; Ipar Euskal Herriko ‘Eusko’-a inspirazio iturri duen egitasmoa. Euskal Herri osora hedatzeko asmoarekin, tokiko moneta propioa sortu dute, eta Hego Euskal Herrian urte amaierarako erabili ahal izango da Oarsoaldean eta Baztanen.
Proiektuko arduradunek azaldu dutenez, Ipar Euskal Herrian dagoen ‘Eusko’-a da “Europako tokiko monetarik garrantzitsuena eta indartsuena”, eta haren eredua jarraituz sortzen ari dira dibisa berria, “etorkizunean mugaz gaindi erabiltzeko” asmoarekin.
Tokiko monetak estatu bakoitzean diru ofizialaren osagarri dira, eta, neurri batean, “tokiko ekonomia indartu eta aberastasuna bertan mantentzeko” helburua dute. Dibisa berriak oraingoz ez du izen ofizialik ezta diseinu zehatzik, baina jakinarazi dutenez, hauetako bakoitzak euro bateko balioa izango du.
Euskal Herriko zazpi lurraldeetan erabiliko den lehen tokiko moneta ahalik eta azkarren ezartzeko, ‘Herriz Herri, Moneta Bat’ bazkidetza-kanpaina jarri dute martxan. Honen bidez, “2026ko azken hiruhilekoan” Oarsoaldean eta Baztanen erabiltzeko aukera izango dute, eta “ondoren, pixkanaka, herriz herri, Euskal Herri osoan zabaltzea” dute helburu.

















