Gatikako herri bideetan baimenik gabe lanean ibili izana salatu dute herritarrek
Ekonomia
Denbora batez proiektua geldirik egon ostean, Gatikatik Cubnezaisera (Frantzia) joango den tentsio handiko kablea egiteko pausoak ematen hasi dira berriro. Gatikako bizilagunak, baina, erne dabiltza azken hilabeteotan, eta salatu dute "baimenik gabe" ari direla Gatikako herri bideak erabiltzen. Udaletxean errekurtso bat aurkeztu duInterkonexio Elektrikorik Ez herri plataformak, eta oraingoz obrak geldi dauela esan du Ekaitz Arbinaga plataformako kideak.
Espainiako eta Frantziako estatuetako sare elektrikoen operadoreek —Red Electrica de España (REE) eta Reseau Transport d’Electricite (RTE)— osatutako Inelfe enpresak kudeatzen du proiektua. Zehazki, 2015. urtean hasi ziren martxan, eta Gatika eta Cubnezais artean itsaso azpitik joango den goi tentsioko argindar linea bat eraikitzea du helburu.
Arbinagak azaldu duenez, REEk joan den uztailean atera zuen egokitzapen lanak egiten hasteko baimen administratiboa. Alabaina, horrek ez zien herri bideak zapaltzeko lizentziarik ematen.
Gatikan Lemoizko zentral nuklearrarentzat sortu zen azpiestazio elektriko bat dago, baina haren ondoan ari dira beste bat eraikitzen: lauzpabost hektarea hartuko ditu, eta hogei metro garai izango da. Hori ikusita, herri plataformak errekurtso bat aurkeztu zuen Gatikako udaletxean eta Ertzaintzak obrak geldiarazi ditu. Hala ere, Udalak ohartarazi du, administratiboki pauso guztiak ondo emanez gero herri bideak erabiltzeko baimena eman beharko diela enpresei.