Greba orokorra jarraipen zabala izaten ari da Hego Euskal Herrian
Ekonomia
Maddi Mochales
Milaka langile mobilizatu dira 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren alde. Goizeko lehen orduetatik nabaritu da grebaren eragina, hiriburuetako sarreretan eta industria guneetan errepide mozketak egon baitira. Hainbat tokitan, lantokietan eta merkataritza guneetan pikete informatiboak ibili dira grebaren jarraipena sustatzen, eta zenbait kasutan saltoki handiek ateak itxi behar izan dituzte.
Eguerditik aurrera, mobilizazioek kaleak hartu dituzte eta milaka lagun bildu dira ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek deitutako hiriburuetako manifestazio nagusietan. Bestalde, CGT, CNT, Solidari sindikatuek eta Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak deialdi propioa egin dute soldataren auziaz harago, lan prekarietatea, etxebizitza arazoa eta bazterketa soziala salatzeko.
Sindikatuek azpimarratu dute grebak jarraipen zabala izan duela bereziki industrian eta zerbitzu publikoetan, eta garraioan zein hezkuntzan ere eragina nabaria izaten ari dela. Arratsaldean ere, mobilizazioek jarraipena izango dute, hainbat herritan manifestazioak deituta daudelarik.

















