Hernaniko Udalak lehen sektorearen diagnostikoa egin du
Ekonomia
Azken hamabost urtetan Hego Euskal Herriko nekazari eta abeltzainen %90ek utzi du aktibitatea lehen lan jarduera nagusi gisa. Lehen sektorearen krisi honen aurrean, Hernaniko Udalak tokiko sektorearen diagnostikoa egin du bertako 37 ekoizle elkarrizketatuz.
Hartutako laginaren arabera, jardueran dabiltzanen %9 da bakarrik 40 urtetik beherakoa. Diagnostikoaren arabera, nahiz eta salmenta bidea, inbertsioak eta lanpostuak egonkortuta dauden, etxeko transmisioa ez da bermatzen. Hernaniko abeltzain eta nekazarien %56 da jarduera profesionalean ari dena.
Bestalde, jarduera profesionalean ez daudenek eta bereziki ganaduzaleek, lurren kudeaketan zeresan handia dute, lurren azaleraren %39 kudeatzen dutelarik. Nekazari produktuen komertzializazioari dagokionez, azoken eta salmenta zuzenaren bidez merkaturatzen dira produktuen %40 inguru. Bitartekarien bidez saltzen da ekoitzitakoaren %27,6 Hernanin, eta denden bidez %8,2. Ustiategiek etxekoen laguntzaren bitartez jarduera aurrera eraman ohi dutela ere azpimarratu dute Udaletik.
Diagnostikoaren emaitzen ondorioz, Hernaniko Udaletik beharrezkoa ikusten dute tokiko ekoizpen eta kontsumo gurpilaren atal guztiak sustatzea eragile ezberdinen laguntzarekin.