Skip to main content

Iberdrolak "inongo justifikaziorik gabe" 2013an argindarraren prezioak manipulatu zituela berretsi du fiskalak

Ekonomia

Espainiako Auzitegi Nazionalean Iberdrolaren aurka egiten ari diren epaiketan, fiskaltzak bere azken txostenean berretsi du konpainia elektrikoak "justifikaziorik gabe" garestitu zuela argindarra 2013an.
Fiskalaren arabera, udan zehar, zentral hidroelektrikoak hornitzen dituzten urtegietatik ura kentzen aritu zen enpresa, "inolako justifikaziorik gabe". Kasuan inplikatutako hiru arroetako —Ebro, Sil eta Tajo— ur erreserbak 2012ko aldi berean baino handiagoak ziren, eta 2011koak halako bi. "Oso urte lehorra izatea espero zen", eta konpainiak onurak lehenetsi zituen.

Azaldu du "manipulazio" hori ezin dela justifikatu negu hartako euri eskasiarekin. Fiskaltzaren arabera, Iberdrolaren "trikimailuak" 107 milioi euroren kalteak sortu zituen. Momentuko lau zuzendari daude auzipetuta: Angel Chiarri, Gregorio Relaño, Jose Luis Rapun eta Javier Paradinas. Oraindik ere ardura postuak dituzte enpresaren barruan.

Auzitegiak hasieran, 84,9 milioiko isuna eskatu zuen Iberdrolarentzat, baina, 2015ean araudian egindako aldaketa baten ondorioz, 5,4 milioi eurora gutxitu du. Instrukzio fasea 2015ean hasi zen, eta 2017an Guardia Zibilak eta Polizia Judizialak Iberdrolaren Bilboko eta Madrilgo egoitzak miatu zituen: bertan aurkitutako dokumentu batzuk irakurri ostean ondorioztatu zuten enpresak bilera informal batzuetan jartzen zituela zentral hidroelektrikoetan ekoiztutako argindarraren prezioak.