Igor Arroyo, LAB: "Botilaren bi herenak baino gehiago hutsik daude EAJk eta PSOEk egindako aurrekontuen akordioan"
Ekonomia
Sindikatuko koordinatzaile orokor Igor Arroyok eta Ekintza Sozialeko arduraduna den Endika Perezek Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako aurrekontuei begirako gogoetak plazaratu dituzte Bilboko LABen egoitzan egindako prentsaurrekoan.
Arroyok salatu duenez, "aurrekontuena afera tekniko hutsa bailitzan aurkezten digute gobernuek. Propaganda asko eta eztabaida gutxi egiten da. Bada, horixe bera da gure eskaria, herri honek eta zehazki langileriak dituen behar eta erronken inguruko eztabaida estrategikoa ahalbidetzea".
Endika Perezek, aurrekontuei begirako sindikatuaren hiru lehentasunen berri eman du eta Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabari dagokionez, zertan gauzatu beharko liratekeen zehaztu du: herritarrak zaindu eta babestuko dituzten zerbitzu publikoen garapena, eremu publiko eta azpikontratatuetako lan baldintzen hobekuntza eta bidezko trantsiziorako batzordeak abian jartzea.
LABen iritziz, datorren hamarkadan erronka handiak ditugu, hala nola ekoizpen eta kontsumo eredua irizpide. Azken hamarkadan egindako zerga politikak erabat hipotekatu du Bizkaia, Gipuzkoa, Arabako zein Nafarroako instituzioek horretarako daukaten ahalmena. Zerga erreforma sakona egitea da, beraz, LABen lehen eskaria. Europako Batasuneko batezbestekoarekin parekatuko bagina, Hego Euskal Herrian 4.600 milioi euro gehiago izango genituzke zerbitzu publikoak indartu eta garatzeko.
Ostegun honetan, aurrekontuen inguruan egingo den Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean aurkeztuko ditu sindikatuak bere gogoeta eta proposamenak.