Skip to main content

Jaurlaritzak datorren urteko aurrekontuak egiteko jarraibide ekonomikoak aurkeztu ditu

Ekonomia

2024, uzt. 09 - 13:07

Eusko Jaurlaritzak 2025eko aurrekontuak gidatuko dituzten gidalerroak onartu ditu. Politika publikoen hedapena bost ardatzetan kokatuko da: erronka demografikoa; hazkunde ekonomikoa eta ongizatea; eraldaketa energetikoa, klima-aldaketaren aurkako borroka eta ingurumenaren babesa; bizikidetza sendo eta justuaren eredua, eta autogobernua.

Ildo horretan, eta Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hitz eman duen bezala, osasuna izango da 2025eko kontu publikoen protagonista nagusia, arreta berezia jarrita lehen mailako arretari eta sistemaren ardatz nagusi gisa duen rolari. Gaur egun, euskal herritarren kezka nagusietako bat da etxebizitza, eta etxebizitza duin, egoki eta irisgarri bat eskuratzeko aukera ematen die merkatu librean eduki ezin duten pertsonei. Arreta berezia jarriko zaie gazteei eta baliabide edo behar ekonomiko urriak dituzten adinekoei.

Lan-merkatuari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak aurreikusi du 2025ean 16.000 enplegu inguru sortuko direla eta langabezia-tasa % 6,8ra jaitsiko dela. Horri dagokionez, sailburuak gogorarazi du 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategiak helburu estrategiko hau ezarri duela: gure ongizate-estatua, kalitatezkoa eta inklusiboa, mantendu eta garatzen jarraitzea ahalbidetuko duen enplegua lortzea, benetako aukera-berdintasunean oinarrituta.

Datorren urtean, gainera, hezkuntza-eredua indartuko da, lanbide-heziketa munduko erreferente gisa finkatzeko apustuari eutsiko zaio eta unibertsitate- eta zientzia-sistema bultzatuko da, punta-puntakoa eta abangoardiakoa izan dadin. Euskarak herri lehentasun izaten jarraituko du, argi utzi du D 'Anjou Olaizolak. Halaber, segurtasunaren arloan, lehentasuna izango da Ertzaintzaren egitura hobetzea eta modernizatzea.

Hamaika Telebista