Skip to main content

Kristau eskola eta Aicea-Izea patronalaren negoziazioa "erabat eskasa eta berantiarra" dela uste dute sindikatuek

Ekonomia

2024, urt. 18 - 14:01

Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko irakaskuntzako gizarte-ekimeneko ikastetxeetan deitutako greba-egunaren jarraipena % 65 ingurukoa izan dela esan dute sindikatuek. Bestalde patronalaren arabera %15,11koa izan da jarraipena.
Otsailera arte deitutako 10 greba egunetan lehenengoa da gaurkoa, EAEko gizarte ekimeneko ikastetxeetan, ELA, LAB, UGT, CCOO eta Steilas sindikatuak deituta, eta, joan den asteartean Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalekin izandako bilera akordiorik gabe amaitu ondoren.
Guztira, 9.000 langile daude deituta grebara, eta, 130.000 ikasle eta 215 ikastetxeri eragiten die. Bilboko manifestazioa hasi aurretik, sindikatuetako ordezkariek berriro kritikatu dute Kristau Eskola eta Aice-Izea patronalen negoziazio mahaiko jarrera.
Sindikatuentzat, bere planteamenduak "erabat eskasak, berantiarrak eta gatazka luzatzeko estrategia dutenak" dira, eta horrek "langileen artean haserrea sortu du", gaitzetsi du Miren Zubizarreta ELAko ordezkariak.
Gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako lan hitzarmena 2021etik dago iraungita. Sindikatuek egiten dituzten aldarrikapen nagusien artean daude, besteak beste, lan zama arintzea, sektore feminizatu eta prekarizatuak hobetzeko neurriak hartzea, soldata KPIaren arabera igotzea, eta lanpostuak mantentzea, besteak beste.
Hala ere, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak ikastoletan gertatu den bezala, negozia dezatela eta adostasun batera hel daitezela dei egin die sindikatuei, 10 eguneko grebari eustea gehiegizkoa dela gehituz eta ikasleentzat "erabat kaltegarria".

Hamaika Telebista