LABek erakundeei exijitu die pribatizatutako zaintzako langileen izaera publikoa aitortzeko
Ekonomia
2024, abe. 09 - 18:12
Sindikatuak pribatizatutako zaintzako langileen lan baldintzak hobetzeko duen konpromisoa berretsi du. LABen arabera, gero eta baldintza prekarioagoetan aritzen dira zaintzako milaka langile Euskal Herrian. Administrazioak bultzatutako zaintza sektorearen pribatizaziori egozten dizkio LABek baldintza okerrak. Administrazioan zuzenean lan eginez, hitzarmenaren araberakoak izango lirateke langileen lan baldintzak. Hori dela eta, zaintzako langileak langile publiko bihurtzeko eskatzen diote erakunde eta alderdi politikoei. Izan ere, sindikatuak defendatzen du zerbitzu publikoak langile publikoek eskaini behar dituztela. Politika publiko “ausartak” exijitzen dituzte, pribatizazioekin amaitzeko neurriak, alegia. Alde batetik, Etxeko Laguntza Zerbitzua lehenbailehen publiko izatea. Bestetik, ratioei buruzko dekretu berri bat, batez ere zaharren egoitzen baldintza okerrekin amaitzeko. Azkenik, zahar egoitzetako eta aniztasun funtzionaleko lan baldintzak hobetzea. Baita esku-hartze sozialeko langileen baldintzak ere. 2025eko udaberrian, Euskal Herri mailako mobilizaziora deituko du LABek.