Medikuen Sindikatuak eta Nafarroako Gobernuak pasa den astean adostutako aurreakordioa berretsi dute
Ekonomia
Otsailaren 1ean hasitako osasun publikoko medikuen greba bertan behera uztea erabaki du, gaur egindako lau batzarretan parte hartu duten medikuen bi herenen babesa jaso ostean. Hala ere, martxoaren 15etik Aurrera beste lanuzte mugagabe bat deitzeko atea zabalik utzi dute, Foru Gobernuak adostutakoa betetzen ez badu.
Halaber, Alberto Perez SMNko idazkari nagusiak adierazi du asteazkenean bilduko direla berriro Nafarroako Gobernuarekin, akordioa formalki sinatzeko. Adostutako puntuen artean dago mediku bakoitzak egunean gehienez 32 paziente artatzea, eta aurrez aurreko bisitak 12 minutukoak izatea.
Bestalde, mediku guztien oinarrizko soldata hilean 400 euro igotzea erabaki zuten, eta 14 ordainsari izatea. Esklusibotasunari dagokionez, ostera, ez zuten akordiorik erdietsi.