Mercedesek bederatzi orduko bi txanda proposatu ditu Gasteizko lantegian
Ekonomia
LAB sindikatuak jakinarazi duenez, Gasteizko Mercedes lantegiak gaueko txanda kentzea proposatu du. Horren arabera, 2025ean goizeko eta arratsaldeko txandak bakarrik mantenduko lirateke bi txandak 9 ordutara luzatuz. Gainera, goizeko txandako langileek larunbatetan ere lan egitea proposatu du lantegiak. Horrela, asteko lanaldia 53 ordukoa izango litzateke goizeko txandan, eta arratsaldekoa, berriz, 45 ordukoa.
LABek “basakeriatzat” hartu du proposamen berri hori. Izan ere, argudiatu dute plantillaren %35a 50 urtetik gorakoa dela eta gehiegizko lanordu horiek ekoizpenari modu negatiboan eragingo diotela. Mercedesek ekoizpen egoeratara lantaldea suntsitu eta neurri kaltegarriak ezarri gabe egokitzeko ahalmena duela adierazi du sindikatuak eta beste hainbat neurri proposatu dituzte.
Gainera, LABek, ekoizpenaren aurreikuspenari buruzko ziurgabetasunaren aurrean, 2025ean aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente batera jotzeko arriskuaren kezka adierazi du.