Pentsiodunek sinadura bilketa hasi dute, gutxieneko diru sarrerak SMIaren parekoak izan daitezen
Ekonomia
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak martxan du herri ekinaldi legegile bat Eusko Legebiltzarrean, eta apirilaren 24ra arte dago sinadurak biltzeko epea. Helburua da pentsioak osatzeko sistema bat sortzea 60 urtetik gorako pentsiodunei SMIaren pareko diru sarrerak bermatzeko. Eskubide hori izateko pentsioduna izan behar da, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan modu jarraituan bizi behar da, eta aldez aurretik prestazio guztiak eskatuta eduki behar dira.
Sinadura gehiago behar dituztela helarazi diete Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erroldatutako 18 urtetik gorako pertsona guztiei, «langileei, pentsiodunei, emakumeei, gizonei eta gazteei». Aspaldi gainditu zuten gutxieneko 10.000 sinaduren langa, baina gehiago nahi dituzte, eta apirilaren 24ra arte irekita egongo da horretarako epea. EHPMren iritziz, Espainian eta Hego Euskal Herrian ezarritako gutxieneko pentsioek ez dute modurik ematen bizitza duin bat izateko. Gogorarazi dute hiru pentsiodunetik batek SMItik beherako diru sarrerak dituela, eta horien %70 emakumeak direla, asko zaintza lanetan ari direnak.