Pentsioen osagarria aldarrikatzeko elkartu dira Gasteizen Euskal Herriko Pentsiodunak
Ekonomia
Mikel Lopez de Ciordia
2024, aza. 21 - 14:11
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deitutako manifestazio jendetsua egin da ostegunean Gasteizen. Bertan, datorren urteko Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuek gutxieneko pentsioen osagarri bat izatea aldarrikatu dute. Manifestazioaren helburuak bi izan dira: alde batetik, Eusko Legebiltzarrari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzea datorren urteko aurrekontuetan partida ekonomiko bat bidera dezatela gutxieneko pentsioak 14 ordainsaritan 1.080 eurotan osatzeko. Bestalde, Pentsiodunen Mugimenduak Legebiltzarrean aurkeztutako Herri Ekimen Legegilea ezagutarazi nahi dute, non pentsioak lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzea eskatzen duten. Datozen hilabeteetan ekimen hori babesteko egingo dituzten ekitaldiak iragarri dituzte. Besteak beste, sinadura-bilketa masiboa Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri gehienetan.