Skip to main content

Pradalesek bankuei eta energiari ezarritako zergaren kontra egin du

Ekonomia

2024, urr. 23 - 09:10
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria bankuen eta energia-konpainien ezohiko irabaziei ezarritako Estatuko zergaren aurka agertu da, bere ustez, “ez dira modurik egokiena herrialde batean ehuna industrialki garatzen laguntzeko”. Pradalesek esan duenez, karga horiek finkatzen badira eta zerga bihurtzen badira, Jaurlaritzak horiek hitzartzea “exijituko” du, “berezko gaitasun fiskalak” dituztelako. Izan ere, Kontzertu Ekonomikoak ez dio Eusko Jaurlaritzari aldi baterako tasen gaineko eskumenik ematen, bai, ordea, zerga iraunkorren gainekoa. Pradalesek iragarri du zerga horiek arautzeko erabakiak hartzeko asmoa duela, kontuan hartuta Euskal Autonomia Erkidegoan lanpostu asko sortzen duten sektoreak zergapetzen dituztela.

Horrela, lehendakaria Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari delegatuarekin lerrokatu da, azken hilabeteetan argindar enpresen eta bankuen kargaren aurka agertu baita. Imazek ohartarazi du neurria luzatzen bada “milaka milioi beste herrialde batzuetara desbideratuko direla”. Garamendi CEOEko presidenteak "soberan dauden zergak” direla berretsi du.
Hamaika Telebista