Siemens Gamesako zuzendaritzak eta sindikatuek bilera egutegi bat adostu dute kaleratzeei buruz eztabaidatzeko
Ekonomia
Oihane Alonso
15:00etan batzartu dira Zamudion Siemens Gamesako zuzendaritza eta sindikatuak, baina konpainiak ez ditu argitu bulegoetan egin nahi dituen 352 kaleratzeak nola banatuko diren. Duela astebete enpresak iragarri zuenez, Zamudioko, Madrilgo eta Sarrigurengo bulegoetan 352 kaleratze izango dira, bi urtez luzatuko den prozesu batean.
CCOOko Miguel Garcia Adanerok azpimarratu duenez, kaleratzeak nola banatu nahi dituen zehaztu gabe jarraitzen du enpresak. “Susmatzen dugu Nafarroan asko izango direla, baina ez dakigu zenbat”, aipatu du Garcia Adanerok.
ELAk datu gehiago biltzeko eskaera formala egin du, Europako Batzordean aurkeztu zen informazio ezagutu asmoz.
Enpresaren asmoa da planari eusteko "tresnak" birkokatzeak, aurre-erretiroak eta pizgarridun bajak izatea, eta sindikatuek, berriz, justifikaziorik gabeko kaleratzeak izango direla uste dute.
Bigarren bilkura urriaren 25ean izango da, sindikatu bakoitzeko hiru ordezkari joango dira.

















