Skip to main content

Ainhoa Jauregi: "Euskararen normalizazioan eragiteko tresna izaten jarraituko du Hamaikak"

Elkarrizketa

2024, urr. 17 - 14:10

Hamaika Telebistako zuzendaritzan lekukoa hartu dio Ainhoa Jauregik Iñaki Uriari. Biak Naiz Irratian izan dira orain arteko ibilbidearen eta aurrerantzean datorrenaren inguruan hitz egiten.

Etxe barruko berrantolaketarekin heldu da aldaketa. Jauregik azaldu du Hamaika trantsizio egoeran dagoela, “proiektu berria martxan jartzen”. Zuzendaritza aldaketa nahiko naturala izan dela azaldu dute, eta kargu berriari “ilusioarekin baina erantzukizun handiarekin” heldu diola esan du Jauregik. Hala, azpimarratu dute Hamaika, 2006an sortu zenetik izan dela, eta jarraituko duela euskararen normalizazioan eragiteko tresna izaten.

Orain arteko lanari jarraipena ematea eta garai berrietara egokitzea dira Hamaikaren helburu nagusiak. Testuingurua izugarri aldatu da, eta zentzu horretan, nabarmendu du euskara Hamaikaren erdigunean izango dela aurrerantzean ere eta ezinbestekotzat jo du eremu digitalean egotea eta belaunaldi berriekin konektatzea. Modu horretan, Jauregik adierazi du betiko oinarriak mantenduz egonkortzea eta irisgarritasunean irabaztea direla Hamaikaren erronkak. Horretarako, Hamaikako komunitatearen konpromisoa oso garrantzitsua dela azaldu dute.

Hamaika Telebista