Skip to main content

Martxelo Diaz, GARA:“Mendebaldeak karta zuria eman dio Israeli sarraski hau egiteko”

Gurean Gaur

Martxelo Diaz GARAko kazetariarekin Gazako egoera aztertu dugu. Diazek nabarmendu du Israel “bere mehatxua betetzen” ari dela: “Israelek esan hornidura guztiak etengo zituela, eta Gaza suntsituko zutela, eta bere hitza betetzen ari da; sekulako hondamendi humanitarioaren aurrean gaude”.

Diazek azpimarratu du dagoeneko elektrizitaterik ez dagoela Gazan, bonbaketak etengabe egiten ari dela Israel, hildako kopurua eta zauritutako kopurua hazten ari dela, eta Gazako ospitaleetan ez dagoela zauritu horiek artatzeko aukerarik. Testuinguru horretan, Diazek Mendebaldearen “zurikeria” salatu du: “Israeli karta zuria eman diote sarraski hau egiteko, eta aipatu behar da honakoa ez dela Israelek Gazaren aurka egin duen lehen erasoaldia. Azken hamar urteetan, behin eta berriz errepikatu dena beste maila batera eman dute, eta gertatzen ari dena izugarria izaten ari da”.

Horrez gain, Diazek nabarmendu du Palestinaren aldeko elkartasuna kriminalizatzeko pausoak eman dituztela, eta laguntza humanitarioa ere eten dutela Europako mendebaldeko beste herrialdeen oniritziarekin: “Gaza erabat itxita dagoen eremua da, eta ez daukate zerbitzurik; kanpoko laguntza humanitarioaren menpe daude. Europako Batasunak eta AEBek hornidura eteteko pausoa eman dute, eta duela urte batzuk pentsaezinak ziren neurri batzuk agenda politikoan daude”.