Skip to main content

Aitor Aritzeta, psikologoa: “Hezkuntza komunitateari beren emozioak plazaratzeko espazioak eskaintzea garrantzitsua da”

Gizartea

2023, mar. 01 - 12:03

Pasa den Donibane Lohizuneko Tomas Akinokoa lizeo pribatuan gertatutako ezbeharraren ondorengoak aztertu ditugu Aitor Aritzeta Psikologia Fakultateko irakaslearekin.
Bere esanetan, horrelako gertakizun batek trauma osteko estres egoera eragin dezake, eta garrantzitsua da sortzen diren emozioez hitz egiteko espazioak sortzea: “Hezkuntza-komunitateari, ikasleei, irakasleei zein gurasoei, komunikazio esparruak eskaintzea garrantzitsua da, aukera izan dezaten nola sentitzen diren edo nolako emozio eta pentsamenduak dituzten azaltzeko edota ondoezagatik sortzen ari zaizkien arazoak plazaratzeko”. Era berean, garrantzitsutzat jo du ikastetxeetan psikologo gehiago edukitzea, horrek aukera emango lukeelako diagnostikoak egiteko eta horrelako gertakizunak ekiditeko.
Bestalde, Aritzetak azpimarratu du buru osasuneko arazoak eta jokabide kriminalak ez direla elkarlotu behar, eta adierazi du buru osasun arazoak ahalik eta gehien “normalizatu” behar direla: “Arazo horiek naturaltasunez partekatzeko espazioak sortu behar dira, horrela saihestuko dugulako buru osasun arazoak estigma bihurtzea”. Era berean, nabarmendu du komunikazio horrek ahalbidetuko lukeela prebentzio estrategiak garatzea, eta adierazi du gizarteak aukera gehiago izango lukeela pertsona horiei laguntzeko.
º

Hamaika Telebista