Ana Mezo, Pentsiodunen mugimendua: “1.080 euroko gutxieneko pentsioa behar dugu orain”
Gizartea
Hego Euskal Herriko pentsiodunak 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatzeko itxialdi-baraualdia egiten ari dira Bilbon.
Ana Mezo kidearen esanetan, oso ondo joan zen itxialdiaren lehen eguna, eta azaldu du 30 laguneko txandak antolatu dituztela aste guztirako. Mezok azpimarratu du bost urte daramatzatela borrokan, eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa exijitzen dutela: “Nafarroan eta EAEn guztira 200.000 lagun 800 eurotik beherako pentsioekin bizi da, eta hortik %76 inguru andrazkoak dira. Ezin dugu horrela jarraitu”.
Mezok salatu du Madrilgo Gobernuaren pentsio erreformak badituela “zantzu positiboak”, baina ez dituela “arazo garrantzitsuenak konpontzen”. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu die pentsioak 1.080 eurora arte osatzeko.
Ostiralean prentsaurreko handi bat egingo dute Bilboko udaletxearen aurrean, eta larunbatean, 12:00etan, manifestazioa “erraldoia” egin nahi dute Bizkaiko hiriburuan.