Skip to main content

Aranzadik Jakan topatu ditu 1938an fusilatutako galdakoztar baten gorpuzkiak

Gizartea

2022, urr. 17 - 15:10
Aranzadi Zientzia Elkarteak Gerra Zibilean fusilatu zuten Galdakaoko Pedro Asua Zubiaur miliziano errepublikarrarenak izan litezkeen gorpuzkiak atera ditu Huescan. Pedro Asua Zubiaur 21 urte zituela hil zuten tropa frankistek, Jakan.

Aranzadi ostegunetik ari zen lanean Jakako hilerrian, Pedro Asuaren gorpuzkiak egon litezkeen hobi komun batean.

2005. urtera arte, haren sendiak bazekien hil egin zutela Asua, baina ez askoz gehiago. Orduan jakin zuen Josu Larreak, Asuaren iloba txikiak, senidea boluntario izan zela gerran, eta Jakan fusilatu zutela. Paco Etxebarria auzi medikuarekin harremanetan jarri, eta ikertzeari ekin zion.

Jacako Udalak hobitik ateratzeko baimena eman zuen, Galdakaoko alkate Iñigo Hernandok eta Jacako alkate Juan Manuel Ramonek 2021eko abenduan egindako bileraren ostean.

DNA proba bizirik dagoen Asuaren gertueneko senidearen laginarekin egingo dute, frogek Asuarenak direla ondorioztatzen badute, Galdakaoko hilerrira eramango dituzte gorpuzkiak.
Hamaika Telebista