Arazoekin eman dio hasiera Bilboko TAO zerbitzuak, zerbitzu berriari
Gizartea
Bilboko TAO zerbitzu berria astelehen honetan jarri da martxan, 09:00etan, bost egunez zerbitzua etenda egon ondotik. Arazoekin ekin dio, ordea; izan ere, Android sistemaren erabiltzaileek ezin izan dute aplikazioaren bidez ordaindu, eta parkimetroetara itzuli behar izan dute aparkatu ahal izateko.
Udaletik azaldu dutenez, akatsak goizean zehar konpontzea espero dute, ordu zehatz bat zehaztu ez duten arren. Appleren erabiltzaileek, berriz, normaltasunez ordaindu ahal izan dute APParen bidez.
Juan Maria Aburto Bilboko alkateak onartu du "arazo teknikoren bat" izan dela eta konpontze lanetan daudela, baina, oro har, esan du zerbitzu berria "ondo funtzionatzen" ari dela. Gaineratu duenez, OTA zerbitzua erdigunera zabaltzeak "ez du dirua biltzeko helbururik", baizik eta "hiri jasangarriago bat egitea".
TAO zerbitzu berriak aldaketak dakartza hiriburura. Gaur egun, aparkatzeko eremua 16 gunetan banatuta dago. Ordenantza berriarekin, egoiliarren bereizgarriak esleitzeko, espazioa koadrantetan banatuko da, eta koadrante bakoitzari eremu bat egokitu zaio. Koadranteko bizilagunek eremu horretan aparkatu ahal izango dute.
TAO zerbitzua bi eremu handitan egongo da indarrean: bizitegi eremuan eta eremu intentsiboan (Abando eta Indautxu).