Arkautiko Akademiako isurketak 8.000 gasolio litro inguru bota zituen Errekabarri ibaira
Gizartea
Urtarrilaren 18an Arkautiko Ertzaintzaren Akademiatik Errekabarri ibaira gasolio-isurketa bat gertatu zela salatu zuen Zadorra Bizirik elkarteak. Lau egun geroago, urtarrilaren 22an, isurketa berri bat salatu zuen, Aguraineko Egileor ibaian, dirudienez Aldanondo gazta fabrikatik ateratakoa. Gaia Arabako Batzar Nagusietara ailegatu da orain. Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natura Ingurunearen foru diputatuari zuzendutako galderak egin dituzte Euskal Herria Bildu eta Elkarrekin Podemos taldeek. Salatu dutenez, azkeneko 20 urtetan Arkautiko Akademiatik ateratzen den laugarren ihesa izan zen urtarrilekoa, 8 mila gasolio litro inguru isuriz. Holako kasurik berriz ez errepikatzeko neurriak hartzea eskatu dute. Agurainen gertatutako isuriak, bere aldetik, 300 arrain baino gehiago hil zituela salatu dute taldeek. Ihesa 2018an erretako Aldanondo fabrikaren eremuetan abandonatutako edukiontzietatik atera zela uste da.