Skip to main content

Aroztegiko auzipetuen aldeko kantaldi herrikoia egin dute Lekarozen

Gizartea

Gaizka Leitza Alduncin eta Leire Llano

2026, api. 20 - 14:04

Milaka lagun bildu dira pasa berri den igandean Lekarozko herriko plazan, Aroztegiko auzipetuei elkartasuna adierazteko asmoz eginiko kantaldi herrikoia hizpide. Zea Mays, Gorka Urbizu eta Pello Reparaz bezalako musikari esanguratsuak batu dira ekimen honetara. Gainera, Bidenabar, Ibil Bedi, Ane eta Kattalin Barcena, Joseba Tapia eta Iñigo Astitz artistek ere jarri dute beren alea ekarpenean.

Hilabete honetan bost urte bete dira Lekarozko Aroztegiko lurretan erresistentzia kanpaldia egin zenetik eta horren biharamunean zazpi herritarrek epaitegietara aurkezteko agindua jaso zutenetik. Duela bi urte jaso zuten zigor eskaera: denetara 56.000 euro, 20 urteko kartzela zigorra eta 43 miloi euroko kalte-ordaineko mehatxua talde kriminala osatzearen delitua egotzita. Duela hilabete batzuk Nafarroako Auzitegiak Aroztegikoen kontrako hasierako epaia helarazi zuen: talde kriminala sortzearen delitua baztertu eta erantzukizun zibila murriztu zieten. Hortaz, auzipetuek ez zuten kartzela zigorrik jaso, bai ordea zigor ekonomikoa, gainera Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztu du Palacio de Aroztegia SM enpresa sustatzaileak.

Honen ondorioz, elkartasun komiteko kideek oroitarazi dute “herri honek pairatzen duen errepresio juridiko eta ekonomikoak aurrera jarraitzen duela. Afera oraindik ez dela bukatu eta auzipetuak oraindik arriskuan daudela”. Ekitaldi herrikoi hau kanpaina ixteko antolatu dute eta “jasotako erantzuna ederra izan dela” azpimarratu dute.

“Bide hau hain samina izan ez dadin elkartasuna erakutsi duten herritar, eragile edo kolektibo guztiei” eman diete eskerrak elkartasun komiteko kideek eta aipamen berezia egin diete “errepresioa jasaten ari diren Sopelako 4ekin 1 plataformako lagunei, erakutsitako elkartasunagatik eta azken astean bidali duten ekarpenarengatik.” Azkenik, “lortutakoa ospatzera” dei egin dute.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista