Skip to main content

Espainiako Auzitegi Gorenak ez du onartu Uliazpiko euskara eskakizunen kontrako sententziari jarritako helegitea

Gizartea

2024, Maiatza 17 - 10:05

Espainiako Auzitegi Gorenak ez du tramitera onartu Uliazpi Fundazioko lan deialdiaren aurkako sententzia euskarafoboari Gipuzkoako Foru Aldundiak jarritako kasazio helegitea. KontseiluaK azpimarratu du horrek erakusten duela euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldi judizialak aurrera segitzen duela eta ez duela etenik. Hala, gehitu du, esku artean ditugun tresnak aldatu gabe zaila izango dela auzitegien erasoei aurre egitea.

Iazko otsailean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Justizia Auzitegi Nagusiak Uliazpi Fundazioko 34 zaintzaileren lan deialdian eskatzen zen euskararen oinarrizko ezagutzaren eskakizuna baliogabetu zuen, zeinak fundazioaren egungo langileen ezagutza-tasa normalizaziora gerturatu eta
erabiltzaileen eskubideak bermatzea zuen xede. Orduan, Kontseiluak kezkagarritzat eta larritzat jo zuen sententzia “milaka herritarren hizkuntza-eskubideak, instituzioen hizkuntza berdintasunerantzako lana, eta, azken buruan, herri borondatearen isla den jardun normalizatzailea hankaz gora jartzen dituelako”. Uliazpiko kasuan, gainera, jendarteko sektore zaurgarrienetako baten eskubideak dira urratzen direnak, desberdintasun funtzionalen edota buru osasun arazoen ondorioz zaintza premia bereziak dituztenak.


Fundazioko langile batzordeak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere salatu zuten sententzia.

Hamaika Telebista