Beste sei herri sartu dira Udalbiltzan
Gizartea
Udalbiltzak ez ohiko Kontseilu Nagusia izan zuen pasa den ostiralean, hilak 7, Iturmendin. Bertan, aho batez onartu zen Atxondo (Bizkaia), Azpeitia (Gipuzkoa), Bergara (Gipuzkoa), Iturmendi (Nafarroa), Lekeitio (Bizkaia) eta Lesaka (Nafarroa) Udalbiltzan sartzea.
Urtarrileko Kontseilu Nagusian beste zazpi herri gehitu ziren Udalbiltzara, eta, beraz, 13 dira dagoeneko 2024an Partzuergora sartu diren kide berriak.
Partzuergoak jakinarazi du urtarrilean zehaztutako ardatzak lantzen ari dela eta herritarrei dei egin die, datozen asteetan egingo dituen ekinaldietan parte har dezaten. Herri jasangarria lortzeko bidean, energiaren alorrean martxan dauden lanketak aurkeztu ziren, eta ekainaren 15ean Legorretan egingo diren topaketen berri eman zuten. ‘Energia komunitateak: harreman sareak ehuntzen’ izenburupean partekatuko dituzte esperientziak eta hausnarketak.
Bigarren zutabea “memoria duen herri euskalduna eta askotarikoa eraikitzea” zela izendatu zuten urtarrilean, eta Geuretik Sortuak beka zutabe horren baitan kokatzen dela azaldu zuten.
Hirugarrenik, Udalbiltzak antolatu dituen udako ikastaroen berri ere eman zuten. Batetik, ekainaren 20 eta 21ean Bilbon egingo den ‘Retos y oportunidades de una Transición Energética Local’. Eta bigarrenik, UEUren udako ikastaroen baitan, Iratzar Fundazioarekin elkarlanean antolaturiko ‘Elkarrekin hobe? Euskal lurraldeen arteko artikulazioak hizpide’ ikastaroa, ekainaren 26an Iruñean izango dena.