Skip to main content

Egoera irregularrean dauden pertsonen euskara ikasteko eskubidea aldarrikatu du AEK-k

Gizartea

'Hizkuntzak mugarik gabe' ekimenaren barruan, 'Paperezko bizitzak' izeneko adierazpena irakurri dute Irunen, bertan hasiko baita 23. korrika. Azpimarratu dute herritar orori bermatu behar zaiola berezko hizkuntza ezagutzeko eskubidea. Botere publikoek ziurtatu behar dute eskubide hori, hala, herritarrei ezagutza doan eskainiz. Lau haizetara aldarrikatu dute inor ez dela ilegala, eskubide guztiak, eskubide berberak, denontzat direla. Halaber, Ane Elordi KORRIKA arduradunak ekitaldi berean adierazi du euskararen komunitatea indartzeko “ezinbestekoa” dela heltzen direnak “besoak zabalik” hartzea: “Haiek ere euskararen herriaren parte dira, eta lehenagotik hemen gaudenon eginbeharra da haien bidea samurtzeko erremintak ematea”.

AEK-k dei egin die Euskal Herriko administrazio nagusiei, eskubideen bideratzaile zein bermatzaile diren neurrian, eredu izan daitezen: “Bada unea neurriak hartzeko euskal herritar orori euskara ikasteko bidea doakoa izan dakion. Izan ere, existitzen ez denak ezinezko du gainontzeko herritarroi zor zaiguna eskatzea”.

Ekitaldian bertan aurkeztu dute 'Paperezko bizitzak' ipuin lehiaketa ere. Parte hartu nahi duen orok euskaraz osatu beharko du egoera irregularrean dauden pertsonen inguruko kontakizun laburra. Oinarri zehatzak AEKren eta KORRIKAren webguneetan kontsulta daitezke.