EHE eta Ikamako sei kide deklaratzera deitu dituzte euskararen alde egiteagatik
Gizartea
Ainhoa Lainsa
EHEk eta Ikamak euskararen aldeko ekimen batean parte hartu zuten sei kide deklaratzera deitu dituztela salatu dute astearte honetan. Horren aurrean, bi eragileek kanpaina berria abiatu dute, ‘Kriminalizaziorik ez!’ lelopean.
Gertaerak iazko azaroan jazo ziren, euskararen kontrako oldarraldiaren testuinguruan, jakinarazi dutenaren arabera. EHEko eta Ikamako hainbat kide Eusko Jaurlaritzaren Donostiako egoitzara bertaratu ziren, Ibone Bengoetxea Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari zuzendutako gutuna erregistratzera. Idatzian, euskararen aldeko hizkuntza politika “ausartagoak” eskatu nahi zituzten.
Eragileen esanetan, Jaurlaritzako eraikineko ateak itxi eta idatzia erregistratzea eragotzi zieten. Ondoren, Ertzaintza bertaratu eta sei lagun identifikatu zituen. Orain, pertsona horiek irailean deklaratzera deitu dituzte, desordena publikoak eragitea egotzita.
Egoera salatzeko eta auzipetuei elkartasuna adierazteko, EHE Donostiak eta Ibaetako Ikamak agerraldia egin dute. Bertan, salatu dute prozesu judizial hauen bidez militantzia politikoa eta protesta sozialerako eskubidea “kriminalizatu” nahi dituztela. Gainera, instituzio publikoek eta agintari politikoek dagokien erantzukizuna hartu eta euskararen aldeko neurri eraginkorrak martxan jartzeko beharra azpimarratu dute. Hala, “errepresioaren aurrean borrokan” jarraituko dutela berretsi dute.

















