‘Esnatu’ aurkeztu du UEMAk 18 eragilerekin, euskarak bizi duen larrialdi egoera iraultzeko
Gizartea
Udane Arbeo Astigarraga
UEMAk “Esnatu” dinamika aurkeztu du, euskararen egoera iraultzeko. Euskal Herri osoko lehen 18 eragilek bat egin dute ekimenarekin, arnasguneak eta udalerri euskaldunak indartzeko konpromiso zehatzak hartuta. UEMAko ordezkariek azaldu dutenez, arnasguneak funtsezkoak dira euskararen etorkizunerako, eta gainbehera gelditzea premiazkoa da. Eragileek nabarmendu dute joera aldatzea dela giltzarria, eta bakoitzak bere esparrutik ekarpena egingo duela. Ekimenak arlo askotako konpromisoak biltzen ditu: hezkuntzan, lan munduan, kulturan, kirolean eta ekonomian. Besteak beste: euskara-planak enpresetan sustatzea, finantza zerbitzuetan euskararen erabilera normalizatzea eta kirol eta kultur jardueretan euskara lehenestea. 'Esnatu' dinamika datozen hilabeteetan zabalduko da herriz herri, eta azaroan emango zaio amaiera, parte hartu duten eragile guztien konpromisoak bilduz.

















