Euskaraz ez dakiten gurasoen beharretara egokitutako ikastaroak eskainiko dituzte AEK-k, UEMAk eta bere barruko udalek
Gizartea
Etorri euskarara! egitasmoa aurkeztu dute AEKk, UEMAk eta Aizarnazabalgo Udalak. Egitasmoaren helburua da euskaraz ez dakiten gurasoek euskara modu praktikoan eta eraginkorrean ikastea, seme-alaben ikastetxean bertan eta eskola-orduetan. Horretarako, ziurtagirietatik at, AEKk gurasoen beharretara egokitutako metodologia prestatu du, honako helburu hauekin: seme-alaben ikasketa-prozesuan bidelagun izateko baliabideak izatea, gurasoen arteko harremanetarako oinarrizko ezagutza eskuratzea eta euskara lehenesteko estrategiak garatzea, haien eguneroko komunikazio-egoerak euskaraz izan daitezen.
Ikastaroak doan izango dira, eta UEMAko udalek finantzatuko dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroako udalerrien kasuan, UEMAko udalek, eskualdeetako mankomunitateek eta UEMAk berak finantzatuko dituzte. Egitasmo hau Euskara eta kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan proiektuaren harira sortu da. Badira lau urte UEMAk, HUHEZIrekin elkarlanean, Zaldibian proiektu hori martxan jarri zuenetik. Ekimenak harrera ona izan du, eta dagoeneko 40 herritan da abian. Hain zuzen, proiektua martxan den udalerrietan eskainiko dira Etorri euskarara! eskolak.
Urrian abiatuko dira ikastaroak, eta 150 ordukoak izango dira. Astean bi saio eskainiko dira, bina ordukoak. Ikastetxean bertan eta eskola-orduetan eskainiko dira. Dagoeneko zabalik da aurrematrikula, ekainaren 30a artean. Izena emateko aukera egongo da ikastetxe zein udaletan. Datozen egunetan jasoko dute gurasoek informazio guztia, ikastetxe zein udalen bidez.