Europako gerrate zaharrenaren zantzuak aurkitu dituzte Arabako Errioxan
Gizartea
2023, aza. 03 - 11:11
Teresa Fernandez Crespo ikertzaileak zuzendutako talde batek orain dela 5.000 urte gertatutako gerrate baten zantzuak topatu ditu Guardiako San Juan ante Portam Latinam aztarnategian. 338 gorpuren aztarnak ikertu dituzte, horietako askok indarkeria zantzuekin. Aztarnategian dauden gizonezkoen gorpuen erdiak zauriak erakusten ditu. Gezi punta ugari agertu dira ere, hildakoen gorpuetan sartuta zeudela uste dute, hauek usteltzerakoan beste aztarnekin batera geratu zirenak. Ikertzaileek komunitate ezberdinen arteko antolatutako indarkeriaren zantzutzat hartu dute aztarnategia, kultura ezberdinetako biztanleria handitzerakoan hauen artean egondako talkaren ondorioz sortua. Aztarnategia 1985an aurkitu zen, Guardian. Orain arte sarraski baten aztarnak zirela uste zen, ikerketak, berriz, garai hartarako Europan parekorik ez duen borrokaren zantzuak aurkitu ditu. Ikerkuntza ‘Scientific Reports’ aldizkarian argitaratu da. Teresa Fernandez Crespo, Francisco Etxeberria edota Lourdes Herrasti izan dira egileak, besteak beste.