Skip to main content
1200x90 Zama Doinuz Arindu

Euskal erakundeek hainbat ekitaldi antolatu dituzte migrazioaren nazioarteko egunerako

Gizartea

2024, abe. 19 - 14:12

Pertsona migratuen nazioarteko eguna dela eta euskal erakundeek ekitaldi desberdinak programatu dituzte, gorrotoari aurre egin eta herritar berrien onarpena hobetzeko sariak banatu dituzte. Bilboko Udalak Euskadiko Kolonbiarren Elkartea eta Munduko Medikuak Elkartea saritu ditu kolektiboaren alde egindako lanagatik. Nafarroako Gobernuak, bere aldetik, Navarra de Colores saria eman dio Ola Arafati, duela 22 urte iritsi zen migratzaile gazatarrari. Lakuako Gobernuak, Guardiako Migrazioaren Urteko Itunaren deialdia egin du eta eremu lokalenetatik egiten den harrera-lana omendu da.

Biztanleria migratzailearen garrantzia gero eta handiagoa da Hego Euskal Herrian. Espainiako Estatistika Institutuak aurreko hilabetean zabaldutako datuen arabera, Arabako biztanleria migratzailea %17a da, Nafarroan %20a, Bizkaian eta Gipuzkoan berriz ez da %10ra iristen.

Etxebizitzaren garestitasunak eta lehen sektorearen pisu txikiagoak azaltzen dute lurraldeen arteko alde hori. Iruñean, zazpi euskal aktibisten epaiketaren hasiera dela eta hainbat erakundek prentsaurrekoa eskaini dute J´accusé kanpaina aurkezteko. Duela 8 hilabete, hainbat erakundetako ordezkariek publikoki onartu zuten martxoaren 14an, Korrikaren pasabidea aprobetxatuz, 36 migratzailerekin batera, Irun eta Hendaia lotzen dituen Santiago zubia zeharkatu zutela. Prentsaurrekoan, deklaratzera deitutako zazpi aktibisten errugabetasuna defendatu dute. Euskal Herria “harrera, immigrazio eta emigrazio lurraldea” izan dela aldarrikatu dute, eta horrela jarraitzea nahi dutela. Horregatik guztiagatik, urtarrilaren 26an Ficobatik Hendaira mobilizatzeko deia egin dute.

Hamaika Telebista