Skip to main content

Euskal Herriko Mugimendu Feministak salatu du izen bereko beste koordinakunde bat sortu dutela

Gizartea

Ainhoa Lainsa Merino

2026, ots. 26 - 13:02

Euskal Herriko Mugimendu Feministaren izenarekin beste koordinakunde bat sortu dutela salatu dute ehun baino gehiagok eragilek. Mugimendu Feminista osatzen duten 11 eragilek Instagram bidez mezua zabaldu dute koordinazio berri hori salatzeko, eta adierazi dute “Euskal Herriko bederatzi eragile abolizionista eta transbaztertzaile” direla.
‘Coordinadora 8M. Euskal Herriko Mugimendu Feminista’ izenpean egin zuten agerraldia pasa den otsailaren 19an, Martxoaren 8a koordinatzeko helburuarekin, eta bi manifestazio deitu dituzte egun horretarako: bat Bilbon eta bestea Iruñean. Horren aurrean, Mugimendu Feministak “haserrea eta desadostasuna” adierazi ditu sare sozialetan, hamarkadetan zehar “ehuntzen eta josten” ari diren bidearen “aurkako ekimena” dela iritziz.
Hala, mugimendu feministak bere posizionamendua berretsi du, nabarmenduz ez dela “putofoboa”. Oharraren arabera, “sexu lana, lana dela” eta “sexu langileek eskubideak behar dituztela” aldarrikatzen dute, “haien borrokak babestearekin” batera. Bestalde, adierazi dute Euskal Herriko Mugimendu Feminista ez dela “transbaztertzailea” eta elkarrekin “sistema kapitalista zisheteropatriarkal kolonialista eta arrazistari” aurre egiten diotela.
Mugimendua osatzen duten ehun baino gehiagoko eragileek atxikimendua adierazi diote oharrari, eta borroka feministaren harira gehitu dute lanean jarraituko dutela, “beste mundu eta herri bat feminismotik eraikitzen” jarraitzeko.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista