Euskalgintzaren Kontseilua: “Pizkunde berri bat eragitea posible dela erakutsiko da Iruñean”
Gizartea
Gaizka Leitza eta Leire Llano
Euskalgintzaren Kontseiluak elkarretaratzea egin du Iruñeko Katakraken, ekainaren 13an Nafarroako hiriburuan egingo duten Euskaltzaleon Martxaren aurkezpen soziala egiteko. Idurre Eskisabel, Kontseiluko idazkari nagusiak adierazi du ekainaren 13ko manifestazioa “euskaraz bizitzeko baldintza errealak aldarrikatzeko izango dela”.
Aurkezpen honekin Euskal Herri osoko eragile eta norbanako euskaltzale guztiak deitu dituzte Euskaltzaleon Martxan parte hartzera eta zabalpenean laguntzera. Ekitaldira bertaratu diren ehun bat lagunen artean LAB eta ELA sindikatuetako kideak egon dira. Bilgune Feminista, Ernai eta Gazte Euskaltzaleen Sareko kideak ere bertaratu dira, beste askoren artean.
Eskisabelek oroitarazi du ekainaren 13ko Euskaltzaleon Martxaren hiru zutabeak arratsaldeko 17:00etan abiatuko direla Antoniutittik, Runako parketik eta Askatasunaren enparantzatik eta “Iruñeko kaleak aldarrikapenez, ospakizunez eta harrotasunez zeharkatuko dituztela.” Zutabe bakoitza txupinazo eta pregoi batekin hasiko da. Ion Celestino musikariak egun horretarako sortutako doinu baten eskutik eta Asisko Urmeneta, Patxi Huarte eta Malen Amenabar artistek egindako pankartei jarraituz, aldarrikapena festa-giroan egingo da. Ondoren, 18:00ak aldera, zutabeek Gazteluko Plazan egingo dute bat, eta ekainaren 11n Urepeletik aterako den Gazte Euskaltzaleen martxa ere batuko zaie bertan.
Azkenik, “edukiz beteriko ekitaldiaz gain, amaiera berezi bat emango zaiola martxari.” azaldu du Eskisabelek.

















